Guardia Zibilak bost lagun atxilotu ditu gaur goizaldean Hego Euskal Herrian Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Al Kaeda Magreb Islamikoarekin lotuta. Horietako bi Irunen (Gipuzkoa) atxilotu dituztela esan dute goizean eta beste atxiloketak Iruñean, Berriozarren (Nafarroa) eta Legorretan (Gipuzkoa) izan direla jakinarazi dute ondoren.
Atxilotuek 36 eta 49 urte bitartean dituzte, eta Mohamed Talbi, Hakim Anniche, Munir Audache, Abdelghaffour Bensaula eta Ahmed Benchohra dira. Lehen albisteen arabera, terrorismoarekin lotutako sare bat finantzatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen diete. Sare horrek Aljerian izango luke jatorria, eta atxilotuek ustez hara dirua bidaltzen zuten. Polizia iturrien arabera Italian, Frantzian eta Suitzan loturak ditu sareak.
Atxiloketez gain, Guardia Zibilak hainbat miaketa egin ditu, eta ordenagiluetako materiala eta hainbat dokumentazio gehiago eraman du. 150 guardi zibilek hartu dute parte operazioan. Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak gaineratu duenez, operazioak irekita jarraitzen du, eta atxiloketa gehiago izan daitezke. Grande-Marlaskak datozen egunetan hartuko die deklarazioa atxilotutakoei.