Emakumezko legebiltzarkideen kopurua gutxitu egingo da gaur osatuko den Eusko legebiltzarrean. Aurreko legegintzaldian 38 emakumezkok lortu zuten kargua, eta gizonezkoek, berriz, 37. Egin berri diren hauteskundeen ostean, ordea, 33 izango dira emakumezkoak, eta 42 gizonezkoak. Gaur osatuko dute Legebiltzarreko mahaia ere. Hura osatzen duten bost lagunetatik bi izango dira emakumezkoak; haietako bat lehendakaria.
Amaitu den VIII. legegintzaldian, nabarmen handitu zen emakumezkoen presentzia aurrekoarekin alderatuz. Berdintasunaren Legeari esker gertatu zen hori, baina aurten, argi geratu da lege horrek ez duela bermatzen sexuen erdi banako banaketa. Nolanahi ere, Eusko Legebiltzarraren osaketarekin alderatuta, okerrago daude Nafarroako Legebiltzarra eta Paueko Kontseilu Nagusia.
Alderdien hautagaitza zerrendetan gutxienez erdiak emakumeak izan behar dutela arautzen du EAEko Berdintasunaren Legeak, eta seinako multzoetan gutxienez hiru emakumezkok egon behar dutela. Lege hori bete egin dute alderdi guztiek, bestela ezingo baitziren bozetara aurkeztu, baina emakumezkoek bete dituzten zerrendako postuak erabakigarriak izan dira. Esaterako, Aralarrena zen emakumea buru zuen hautagaitza bakarra. Nolanahi ere, gizonezkoak ziren Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak zein Gipuzkoako bigarrena. Beraz, Aralarren lau legebiltzarkideetatik bakarra da emakumea. Antzeko zerbait gertatu da EAn eta EBn ere. Bi alderdiek ordezkari bana lortu dute; biek Gipuzkoan. Gizonezkoak dira zerrendaburu horiek, eta, beraz, gizonezkoak izango dira legebiltzarkideak ere.
Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista (EHAK) legez kanpo utzi dutenez, Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu izanak ere izan du eragina emakumezkoen kopurua gutxitzerakoan. Izan ere, errekor guztiak hautsi zituen alderdi horrek: bederatzi legebiltzarkidetatik zortzi emakumezkoak ziren.
Legebiltzar berrian EAJk eta PSE-EEk dute batez bestekorik onena. 30 legebiltzarkideetatik erdiak emakumezkoak dira jeltzaleei dagokienez, eta 25etik 12 PSE-EEri erreparatuta. PPko 15 legebiltzarkidetatik bost besterik ez dira emakumezkoak.
Berdintasun Legea aztertuz, Eusko Legebiltzarrean nolabaiteko berdintasuna lortzen den arren, ezin da gauza bera esan karguak betetzen dituzten pertsonen inguruan. Sailburuei begiratuta, nolabaiteko oreka mantendu zuen EAJren, EAren eta EBren eskuetan egon zen gobernuak. 11 sailburutatik bost emakumezkoak baitziren. Baina sailburuordetzei eta zuzendaritzei erreparatuz gero, bestelakoak dira datuak: 36 sailburuordetik 5 besterik ez ziren izan emakumezkoak, eta 133 zuzendaritatik 49.
Nafarroa eta Paue
Nafarroako Legebiltzarrean oraindik eta txikiagoa da emakumezkoen parte-hartzea. 50 legebiltzarkidetatik 17 besterik ez dira emakumezkoak (%34). Are okerragoa da Paueko Kontseiluko datua. Han 50 legebiltzarkide daude orotara, eta haietako zazpi dira emakumezkoak (%14). 50 kontseilaritik 21 aukeratzen dira Euskal Herrian, eta haietatik bi bakarrik dira emakumezkoak.
Nafarroako Legebiltzarrerako zerrendak osatzerakoan, Espainiako Berdintasun Legea bete behar dute alderdiek. Lege horrek zehazten du zerrendako kideetatik %40tik %60ra bitartean izan behar duela bai gizonezkoen eta bai emakumezkoen kopuruak. Hala ere, legeak ez du zehazten zein postutan joan behar duen bakoitzak, beraz, posible da hasieran gizonezkoak jartzea eta emakume guztiak azken postuetan, edo alderantziz.
Paueko Kontseilua eratzerakoan ere bada bete beharreko lege bat. Kantonamendu bakoitzak kontseilari bat eta ordezkoa aukeratzen ditu. Hautagaitzak aurkezterakoan kontseilari izateko hautagaiak eta ordezko izatekoak sexu banatakoak izan behar dutela dio legeak. Legea bete arren, hautagai gehienak gizonezkoak izaten dira, eta, beraz, kontseilariak ere bai. Emakumezkoek ordezkoen lekua hartzen dute. Kontseilariek kargua utziko balute, orduan hartuko lukete postua ordezkoek.
Hauteskundeetara aurkezteko zerrendetan emakumezkoen presentzia bermatuta dagoen arren, ez da gauza bera gertatzen alderdien zuzendaritzetan. Emakundek osatu duen txosten baten arabera, 2008an EAJren zuzendaritzan %33,3 ziren emakumezkoak, %42,9 PSE-EEn, %23,5 EAn, %31,3 EBn eta %35,3 Aralarren. Alor horretan, PPri buruzko informazioa falta da txostenean, eta baita ezker abertzaleari buruzkoa ere, legez kanpo dagoelako.
Afiliatuen inguruko datuak ere eman ditu Emakundek. %36,3 dira emakumezkoak EAJn, %38,8 PSE-EEn, %40,1 EAn, %40 EBn eta %19 Aralarren. Azken horren emakumezko afiliatu kopuru txikia ikusita, proportzioan beste alderdietan baino handiagoa da zuzendaritzan dauden emakumezkoen kopurua.
Bost emakumezko gutxiago
Gaur osatuko den Eusko Legebiltzar berrian %42,6 hautetsi izango dira emakumezkoak: 33. Aurreko legegintzaldian baino bost gutxiago dira. Gizonezkoak emakumezkoak baino bederatzi gehiago izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu