"Wert legeak euskal konpetentziak urratzen ditu, eta ez du babes politiko eta sozialik. Lege horrek ez digu laguntzen hezkuntza sistema hobetzen", esan du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur eguerdian Madrilen, Espainiako Senatuan. Gaur arratsaldean Senatuko hezkuntza batzordean eztabaidatuko dute Werten legeaz, eta ordu batzuk lehenago agerraldi bateratua egin dute EAEko, Kataluniako, Andaluziako, Asturiasko eta Kanariar Uharteetako hezkuntza sailburuek. Guztiek Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaren aurkako hitzak egin dituzte. Werten legearen helburuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "erabat gaindituak" daudela nabarmendu du Uriartek.
Irene Rigau Kataluniako hezkuntza kontseilariak gogor hitz egin du Werten legearen inguruan. "Katalunia 32 urtez atzera eramango luke. Hizkuntza eredua ere aldatzen du".
Kanariar Uharteetako hezkuntza kontseilari eta presidenteorde Jose Miguel Perezek, bestalde, salatu du PPk desagerrarazi egin nahi duela hezkuntza zerbitzu publiko gisa.
Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak, berriz, senatuan adierazi du prest dagoela erreforma martxan jartzeko egutegia aldatzeko. Prest azaldu da Espainiako Parlamentuan eztabaida izateko oposizioko taldeekin, egutegia "berrikusteko". Bere ustez, legearen helburua ez da autonomia erkidegoen tartean sartzea, baizik eta erkidego guztien hezkuntzaren kalitatea hobetzea.