Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendari Miguel Angel Gonzalezek emandako datuen arabera, bost etorkinetik batek noizbait arrazakeria eta bazterketa jasan ditu. Hala, iragarri du halako jarrera saihestea izango duela helburu Immigrazioaren III. Planak.
EAJk eskatuta egin zuen agerraldia atzo Eusko Legebiltzarreko batzordean. Gonzalezek azaldu du datozen hilabeteetan jakinaraziko dituztela egiten ari diren azterketen eta bileren emaitzak. Baina onartu du arazoa hor dagoela, eta heldu egin behar zaiola. Hala, plana egitearekin batera, arrazakeria eta bazterketa jasateko arriskua duten pertsonentzako gida bat argitaratuko dutela, salatzeko dituzten baliabideak azalduta. «Gizartea sentsibilizatzeko kanpaina bat ere egiteko asmoa dugu, eta Hezkuntza Sailarekin ere lanean ari gara arrazakeriaren aurkako proiektu bat aurkezteko». Ertzainekin eta udaltzainekin ere lanean ari dira, halako kasuen inguruan protokolo bat zehazteko.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak emandako datuen arabera, etorkinen arreta juridikorako sistema berriak 4.370 etorkini eman die zerbitzua iazko uztailetik. Zerbitzu hori Helduren ordezkoa da. «Sistema honen kostua Heldurena baino 320.000 euro apalagoa da», azaldu du Zabaletak. Ofiziozko abokatuen bidez ematen diete orain zerbitzu juridikoa etorkinei. Sistema berria «eraginkorragoa, integralagoa eta gertuagokoa» da, Zabaletaren arabera. Beste alderdiek zalantzak dituzte sistemaren eraginkortasunaren inguruan.
Bost etorkinetik batek arrazakeria jasan du EAEn
Eusko Jaurlaritzako III. Immigrazio Planak itun sozial bat lortu nahi du, etorkinen integrazioa bultzatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu