Epaiketa

Bost euskal preso epaituko dituzte gaur Plevingo dinamita lapurretagatik

Ia sei urte iragan dira ETAk Bretainian dinamita lapurtu zuenetik. Plevin herrian gertatu zen. Zalaparta handia sortu zuen lapurretak. 8.000 kilo dinamita baino gehiago lapurtu zituzten, 1999ko irailaren 28an, Titanite SA enpresan. Lapurreta hura egitea leporatuta, Argi Perurena, Jon Bienzobas, Patxi Segurola, Asier Oiartzabal eta Fermin Benito Martinez Bergararen aurkako epaiketa hasiko da gaur. Haiekin batera, 10 bretainiar ere epaituko dituzte, lapurreta guztiek batera egin zutela uste baitute.

2005eko ekainaren 1a
09:46
Entzun
Gaur hasiko da gertakari haren epaiketa, Parisen. Assises-etako Gorte Berezian iraganen da epaiketa, eta uztailaren 1a arte iraunen du.

Bost euskal herritar eta hamar bretainiar epaituko dituzte, lapurreta hartan parte hartzea edo harekin zerikusia ukaitea leporatuta. Argi Perurena, Jon Bienzobas eta Patxi Segurola 1999ko urriaren 4an atxilotu zituzten, Biarnon. Pauetik hurbil atxilotu zituzten, Idron herrian. Haien etxean egun gutxi lehenago Plevinen lapurtu dinamitaren zati bat aurkitu zutela esan zuen poliziak.

Asier Oiartzabal 2001eko irailaren 27an atxilotu zuten Akizen, Oihane Errazkin eta Maria Dolores Lopezekin batera. Operazio berean Didier Agerre eta Alberto Ilundain ere atxilotu zituzten. Fermin Benito Martinez Bergara 2004ko ekainaren 1ean atxilotu zuten, Limoges-en. Polizia operazio zabal hartan beste zazpi ustezko etakide atxilotu zituzten, Frantzian. Joan den hilabetean Parisen epaitu zuten, beste hamabost lagunekin batera.

Sei lagunek parte hartu zuten dinamita lapurretan. ETAk Bretainiako ARB erakunde armatuarekin batera egin zuen operazio hura, polizia iturrien arabera. Alabaina, erakunde horrek ekintza batzuk egin zituen Plevinen lapurtu dinamitarekin. Bretainiako hamar milintate ere epaituko dituzte gaur hasiko den auzian.

Parisera autobusak, elkartasuna adierazteko

Euskal Herritik autobusak atera ziren barda, gaur auzpietuei sostengua adierazteko. Auzia arratsaldeko oren batean hasiko da. Yves Jacob epailea izanen da lehendakari. Epaile hori gisa bereko beste auzietan aritu izan da funtzio horietan. Iparretarrak erakundeko kideak epaitu zituen 2000ko martxoan, Leongo tiroketaren auzian. Geroztik Korsikako Erignac komandoa ere epaitu zuen. Epaile gogorraren plantak agertu zituen bi auzi haietan. Kondena gogorrak eman zituen euskal militanteen aurka, eta are gogorragoak Korsikako militanteen aurka.Gorte berezi horretan aise ematen dira hamar urtez gorako presondegi kondenak. Giro astuna espero da hilabete batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.