Abenduaren 1erako Donostiako auzitegira deitu dituzte Asier Alberdi, Saioa Zerain, Aritz Azkona, Naroa Ariznabarreta eta Ainara Ladron, 2007ko urtarrilean egindako protesta baten harira. Beste hainbat mobilizazioaren artean, A8 errepidea moztu zuten gazteek Zarautzen (Gipuzkoa), Jarrai-Haika-Segi auziaren inguruan Espainiako Auzitegi Gorenak ematekoa zuen epaia salatzeko. Egun batzuk beranduago, Segi "terrorista" izendatu zuen Gorenak.
"Bi aldarrikapen nagusi genituen", azaldu dute gazteek ohar batean: "Euskal gazteriak militatzeko zuen eta duen eskubidea aldarrikatzea, eta Segi 'terrorista' izendatzeak euskal gazterian eta Euskal Herriko askapen borrokan edukiko zituen ondorio latzak salatzea". Bederatzi urteotan, hiru aldiz jarri diete epaiketaren data: Espainiako Auzitegi Nazionalean aurrena, eta Donstiako auzitegian gero. Azkenengoan atzeratu egin zuten saioa.
Fiskalak bi urte eta erdiko zigorra eskatu du bakoitzarentzat; denera, 12 urtekoa.
Mobilizazioak
Hainbat mobilizazio antolatu dituzte gazteek auzia salatzeko. Astelehenean, elkarretaratzea egingo dute Deustun (Bilbo), 19:30ean. Asteartean, agerraldia Eibarren (Gipuzkoa) 12:00etan, bide emanaldia 18:00etan eta manifestazioa 19:30ean. Egun berean, elkarretaratzeak izango dira Elgoibarren (Gipuzkoa), 19:30ean, eta Arrietan (Bizkaia), 20:00etan. "Disidentzia politikoa kriminalizatuz askapen borrokaren kontrako oldarraldiarekin jarraitu nahi dute. Baina nazkatuta gaude, eta nahikoa dela esatera gatoz".