GENERO INDARKERIA

Bost gizon atxilotu dituzte, genero indarkeria delituak egitea egotzita

Beasainen, Donostian, Gasteizen, Bermeon eta Barakaldon atzeman dituzte.

urtzi urkizu
2014ko maiatzaren 12a
11:47
Entzun

Donostiako Amara auzoko etxebizitza batera joan da Ertzaintza goizaldean, genero indarkeria kasu baten abisua jaso eta gero. Ustezko erasotzailea etxeko atarian topatu dute ertzainek, eta etxean bertan zegoen emakumea. Beso batean ebaki bat zuen andreak. Sorospen etxera eraman dute biktima, eta ustezko erasotzailea, 28 urtekoa, atxilo hartu dute.

Igandean, berriz, beste gizonezko bat atzeman zuten poliziek Beasainen (Gipuzkoa). Emakume batek salaketa jarri zuen bertako ertzain-etxean, bikotekideak tratu txarrak eman ohi dizkiola-eta. Larunbat gauean gertatu zen azken erasoa, eta sendagilearen partea partea eraman zuen. Haren bikotekidea, 47 urtekoa, atxilotu egin zuen gero Ertzaintzak.

Bermeon (Bizkaia), herenegun arratsaldean emakume batek salatu zuen bikotekideak erasotu egin zuela. Ertzaintza haren etxera joan zen, eta biktimak lepoa gorrituta eta iztartean ubeldura bat zuela ikusi zuten. Emakumeak adierazi duenez, ez da bikotekidearen tratu txarrak jasotzen dituen lehen aldia. 34 urte ditu gizonezkoak, eta ertzainek epaileraren esku utzi zuten atzo.

Barakaldon (Bizkaia), igande goizeko zazpiak aldera, emakume gazte batek salatu zuen bikotekideak Foruen etorbideko metro geltokian bikotekideak lepotik heldu eta lurreta bota zuela. Ertzaintzak 18 urteko mutila atxilotu egin zuen, genero indarkeria delitua egotzita.

Gasteizen, berriz, udaltzainek 55 urteko gizon bat atxilotu zuten igandean, genero indarkeria delitu bat egotzita. Lakua auzoan, gizonezkoak ostiko bat eman zion emazteari, bien semea aurrean zela. Semeak eragotzi zion aitari erasoarekin jarraitzea. Epailearen esku utzi dute gizona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.