Bost gizon atxilotu dituzte Nafarroan bikotekideei eraso egitea leporatuta

Genero indarkeria egotzita lehendik ere atxilotuta egondakoak dira foruzainek atzemandako bi gizon

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Bikotekide eta bikotekide ohiei oldartu eta eraso egitea egotzita, bost gizon atxilotu dituzte iragan astean foruzainek Nafarroan. Joan den asteko asteazkenean izan zen lehendabiziko atxiloketa, Cintruenigon. 35 urteko gizonezko bat atzeman zuten foruzainek, emakume batek haren kontrako salaketa jarri ostean. Andrea, berriz, herriko osasun zentrora eraman zuten, han arta zezaten. Iragan ostegunean, berriz, Atarrabian izan zen atxiloketa bat; 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bikotekideari erasotzea egotzita. Bikote harremana utzita, bereizteko prozesuan daudela esplikatu zuen ustez erasoa jasan duen andreak. Senarra etxeko sotoan oldartu zitzaiola azaldu zien foruzainei. Ez zen gizon hori era horretako delitu batengatik atxilotzen zuten lehendabiziko aldia.

Asteburuan jazo ziren ustezko beste bi eraso. Larunbatean, Burlatan 32 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari sarri tratu txarrak ematea leporatuta. Salaketa jarri zuen andreari aurrena foruzainek eskaini zioten arta, eta ondoren foruzainei pasa zieten kasua. Asteburuko bigarren kasua Zizur Nagusian jazo zen. Bikotekide ohiak jo egin zuela salatu zuen andre batek; aditzera eman zuenez, taberna batean egin zuten topo biek, eta eraso egin zion gizonak, lagun baten eta semearen aurrean. Berehala atxilotu zuten ustezko erasotzailea, 49 urteko gizona; aurretik ere atxilotuta egon izan da genero indarkeria leporatuta.

Azken atxiloketa aste honetan jazo da, Ribaforadan. 45 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekide ohia kalean jotzea egotzita. Foruzainen arabera, irain eta mehatxuka hurbildu zitzaion gizona andreari, eta halaxe zuzendu zitzaion erasoa saihesten saiatu zen beste emakumezko bati ere.

Amaren kontrako erasoa

Iruña Okan (Araba), berriz, gazte bat atxilotu zuten asteartean ertzainek, amari eraso fisikoak eta mehatxuak egitea leporatuta. Atxilotua 28 urteko gizonezkoa da. Ertzainek etxe batean istilu handia gertatzen ari zela-eta jaso zuten abisua; esandako lekura joan zirenean emakumea eta alaba adingabe bat aurkitu zituzten ustezko erasotzailearekin batera etxean. Andreak ertzainei kontatu zien semeak jo eta hiltzeko mehatxua egin ziola. Berehala atxilotu zuten ertzainek gaztea.

Martzillan (Nafarroan) astelehenean foruzainek atxilotutako bi gizoni ere gurasoak iraintzea eta mehatxatzea leporatu diete. Liskar baten ostean atxilotu zituzten 40 eta 49 urteko gizonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.