Nafarroako kategoria bereziko familia ugariek laguntza berri bat jasoko dute datorren urtarriletik aurrera, Nafarroako Gobernuak ezagutarazi duenez. Halako 1.100 daude herrialdean. Denera, 10.000 familia ugari bizi dira Nafarroan. Haien artean, kategoria berezikoak dira bost seme-alaba edo gehiago dituztenak, lau seme-alaba baina errenta apala dutenak, eta ezintasunen bat duten seme-alabak dituzten familiak.
Laguntza horiek banatzeko, 250.000 euroko diru partida onartu du Nafarroako Gobernuak 2007. urterako. Bosgarren seme edo alabatik aurrera 360 euro jasotzen zuten familiek orain arte. 2007an, 596 eurokoa izanen da laguntza hori. Sei seme-alaba dituen familiak, adibidez, 1.080 euro jaso ditu 2006an. Urte osorako kopurua 1.589 eurokoa izanen da 2007an familia horrentzat, laguntza berrien eskutik. Kategoria bereziko familien errenta kontuan hartuko du Gobernuak, hala ere, laguntzak banatzeko orduan. Mugak ezarriko ditu, dirua behar gehien duten familietara ailegatzeko.
Nafarroako Gizarte Ongizaterako kontseilari Isabel Garcia Malok aurreratu duenez, hurrengo urtean familia ugarientzako gainontzeko laguntzetan ere igoerak izanen dira. Besteak beste, seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartzen duten gurasoentzako laguntzak, hirugarren seme edo alaba edukitzeagatik jasotzen dena, eta erditze multipleak gertatzen direnean ematen direnak igoko dira, Garcia Malok azpimarratu duenez.
Eszedentziari dagokionez, 400 eurokoa izanen da laguntza hilero, orain arte baino 70 euro gehiago alegia. Hirugarren seme edo alabagatik, berriz, 2.400 euroko ordainketa bakarra jasoko dute familiek. Orain artekoa 1.983koa zen. Erditze bakar batean hainbat seme-alaba jaiotzen direnerako laguntzak 87 eta 291 euro artekoak izanen dira.
FAMILIA UGARIEN LEGEA.Familia ugarientzako laguntzak bi esparrutan arautu ditu Nafarroako Gobernuak: batetik, Familiak Laguntzeko Plana du Gizarte Ongizaterako Sailak; bestetik, familia ugarien legea bada herrialdean. Planaren eta legearen harira onartu ditu Gobernuak orain aurkeztu dituen laguntzak.
Diru laguntza zuzenez gain, bestelakoak aurreikusten ditu legeak, hain zuzen ere. Garraio publikoari dagokionez, 0,38 zentimo ordaindu behar dituzte familia ugarietako kideek orain Iruñerrian. Txartel arruntak euro bat balio du. Ezberdintasunaren ordainketa Gobernuak hartuko du bere gain. Etxebizitzaren arloan, berriz, babes ofizialeko 140 etxe banatu ditu Gobernuak 2006an familia ugarien artean. Babes ofizialeko etxebizitzak banatzen diren aldi oro, % 3 familia ugarientzat gordetzen da. Etxebizitza erosteko eta berritzeko laguntzak izaten dituzte halako familiek, halaber.% 6koa izan daiteke laguntza hori kategori bereziko familientzat.
Familia ugarien legeak aurreikusten du beste lan ildorik, seme-alabentzako eskola liburuak erosteko laguntzena, besteak beste. «Garatzeke dauden hainbat esparru jasotzen ditu legeak; denei helduko diegu», azaldu du Garcia Malok.
Bost haur baino gehiagoko familientzako diru laguntzak handitu dituzte Nafarroan
Laguntza zuzenez gain, etxebizitzaren eta garraioaren arloan neurriak prestatu ditu Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu