Aire kontrolatzaileen greba eragina izaten ari da Ipar Euskal Herrian. 06:40an arazorik gabe irten da Lyonerako hegazkin bat, baina bertan behera utzi dituzte 06:45, 9:05, 10:25 eta 14:30erako aurreikusitako hegaldiak. Guztiak Parisera zihoazen. Gainera, 22:15ean Londresera joatekoa zen hegaldia ere ez da aireratuko.
Bost hegaldi bertan behera Miarritzen, kontrolatzaileen grebaren eraginezhttps://t.co/C71s6qNzWhpic.twitter.com/2X5e4Ko4q5
— Berria.eus (@berria) 2016(e)ko martxoak 21
Miarritzera itzultzeko hegaldietan eragina izan du grebak. Paristik Miarritzera joatekoak ziren bi hegaldi bertan behera utzi dituzte, eta beste bi atzerapenarekin helduko dira.
Loiun ere nabaritu dute greba. Igandean, bederatzi hegaldi utzi zituzten bertan behera —Londres, Manchester, Amsterdam eta Dusseldorferakoak— Frantziako Estatuko aire eremutik igaro beharko liratekeelako; gaur, Amsterdamera joatekoa zen bat utzi dute bertan behera, eta bi ordurainoko atzerapenak daude beste batzuetan. Egunak aurrera egin ahala hegaldi gehiago bertan behera uztea espero da.