Hamar minutuko elkarretaratze isila egingo dute gaur, Galdakaon (Bizkaia). Gaur bete dira bost hilabete Hodei Egiluz gaztea Anberesen (Flandria) desagertu zela. Elkarretaratzearekin, udal gobernuak elkartasuna adierazi nahi die, beste behin, senideei, eta, aldi berean, abian den ikerketak desagerketa "ahalik eta arinen" argitu dezala eskatzeko keinua egin.
Asteburuan hirurogei laguneko taldea abiatu zen Galdakaotik Anberesera, hango agintari eta poliziei Egiluzen ikerketa ez eteteko eskatzeko. Gaztearen irudiarekin, Ama guztiei eskutitza banatu zuen taldeak hirian, eta senideak hango alkatearekin eta Childfocus erakundearekin bildu ziren. Taldekide guztiak, gainera, bidaiarako propio prestatutako elastikoekin ibili ziren asteburu guztian. Jende asko hurbildu zen eurengana horiez galdetuz, eta Ibon Uribe Galdakaoko alkateak esan zuen "pozik" zeudela Anberesko herritarrek adierazitako elkartasunarekin.
Anberesen izan ziren larunbatean, eta Bruselan igandean. Europako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin zuen taldeak, 150 egun leloa zeraman pankartarekin lagunduta. Parlamentutik Bruselaren erdigunera joan ziren gero, eta Espainiak Belgikan duen enbaxada eta konsuletxetik pasa ziren. Elkarretaratze laburrak izan ziren, horiek egiteko baimenik ez zutela adierazi baitzieten udaltzainek. Dena den, nahiz eta haien atzetik ibili ziren, kartelak itsasten eta elkarretaratze laburrak egiten utzi zieten.