HEZKUNTZA. EUSKARA. HIZKUNTZ EREDUAK.

Bost ikasle etorkinetik batek soilik ikasten du D ereduan EAEn

Kanpotik etorritako ikasleen %51 A ereduan matrikulatu dira, %27 B ereduan eta %20,8 A ereduan

Asier Iturriagaetxebarria.
BILBO
2005eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Informazio egokirik ez dutelako jasotzen, guraso askoren interes faltagatik eta zenbait ikastetxek errazenera jotzen dutelako, ikasle etorkinen gurasoek A ereduaren hautua egiten dutela azaldu dio Berriari Khalid Amzir AZRAF Marokoarren Elkarteko presidenteak. Eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuak begiratuta, guraso etorkinek A ereduaren alde egiten dutela nabaria da. Bost ikasletik batek baino ez du euskara hutsezko D ereduan ikasten (%20,8), eta erdiek(%51,6) gaztelania hutsezko A ereduaren hautua egiten dute. B eredu elebidunean daude ikasle etorkinen %27,6.

Dena den, herrialdeka alde nabarmenak daude, Araban ikasle etorkinen %78k ikasten dutelako A ereduan eta %4,4k bakarrik D ereduan. Bizkaian ikasle etorkinen %18k bakarrik ikasten du D ereduan eta %58k A ereduan. Orekarik handiena Gipuzkoan dago, eta A eredua nagusi ez den herrialde bakarra da. Ikasleen %36k ikasten du Gipuzkoan D ereduan eta %18,7k A ereduan. B eredu elebiduna da nagusi Gipuzkoan; ikasleen ia erdiak (%44,6) ari dira bertan ikasten.Ikasle etorkinen eboluzioa nabarmena da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman. 95-96 ikasturtean 2.000 ziren kanpotik etorritako ikasleak. Ia hamar urte igaro eta gero, kopuru hori bost aldiz biderkatu da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren urtarrileko datuen arabera, gaur egun 10.560 ikasle etorkin ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman ikasten, horietako erdiak baino gehiago (%53) Bizkaian. Ikasleria osoaren %3,14 dira kanpotik etorritako neska-mutikoak. Azken lau urteotan nabarmen hazi da ikasle etorkinek ikasleria osoan duten pisua, orain lau urte ikasleriaren %0,95 zirelako.

Informazio falta

Ikasle etorkinen gurasoek A ereduaren alde egiteko hainbat arrazoi daudela uste du Alberto Agirreazaldegi Hezkuntza Saileko aholkulariak. «Aldagai asko sartzen dira: jaso duten informazioa nolakoa den, inguruan dituzten ikastetxeen izaera... Baina hiriburu handietan Bilbon eta Gasteizen, batez ere A ereduaren aldeko joera nabarmena da. Gu lanean ari gara joera horri buelta emateko, eta, apurka-apurka bada ere, lortu dugu A ereduaren aldeko hautua lau puntutan txikitzea». Dena den, Hezkuntza Sailak argi dauka eredu baten edo bestearen arteko hautua gurasoen esku geratzen dela, eta beraien lana hezkuntza sistemaren egiturari eta ereduei buruzko informazioa ematera mugatzen dela.

Hain zuzen, informazio egokiaren falta nabaritzen dute guraso etorkinek. AZRAF EAEko Marokoarren Elkarteko Amzir-ek azaldu duenez, Euskal Herrira etorri berri diren guraso askok etorkinen elkarteetara jotzen dute laguntza eske. «Beraientzat errazena delako edo informaziorik ez dutelako, umeak A ereduan sartzeko gomendatzen diete. Guraso askok ere ez dute hezkuntzan interes handirik, eta esaten dietena egiten dute, beste barik. Guk D ereduaren alde egiteko eskatzen diegu gurasoei, hezkuntza sistemaren eta Euskal Herriaren errealitatea den modukoa delako eta etorkizunean euskara gero eta garrantzitsuagoa izango delako. Bigarren mailako herritarrak izaten ez jarraitzeko, beharrezkoa da haurrak D ereduan sartzea». Gurasoen interes faltaz gainera, zenbait ikastetxek ere «errazenera» jotzen dutela salatu du: «Haurra nagusitxoa denean, 12 urte inguru dituenean, A ereduan sartzen dute, eta, gainera, euskara ikasgaia gaindituta dutela esaten diote, eta ez da euskara eskoletara joaten».

Txinako etorkinek ere A ereduaren alde egiten dutela esan du Pedro Li Euskal Herriko Txinatarren Elkarteko presidenteak. «Beste aukerarik ez dagoenean bakarrik sartzen dituzte haurrak D ereduan. Kontuan izan behar da beraientzat nahiko lan dela gaztelania ikastea».

Ikasle etorkinei laguntzeko programa du Jaurlaritzak

Ikasle etorkinen gurasoei informazio egokia ematearen garrantzia asko nabarmentzen da Hezkuntza Sailak 2004ko urtarrilean abiatutako Ikasle Etorkinak Artatzeko Programan. EAEko hezkuntza sistema errealitate berrira ahalik eta ondoen egokitzeko asmoarekin sortu zuen programa hori, eta Immigrazio Planaren barruan dago. Programa hilabete batzuk indarrean bada ere, erabat gauzatzerik ez dute izan oraindik, «zailtasun handiak» dituztelako, Agirreazaldegiren hitzetan. Kanpotik etorri den ikaslea EAEko hezkuntza sistemara eta gizartera ahalik eta azkarren egokitzeko helburua du programak, beraien jatorria inoiz ahaztu barik. «Horregatik, hizkuntzak, euskarak garrantzi nabarmena dauka gure jardueratan».

Programak laguntza bereziak eskaintzen dizkie ikastetxeei. Ikasturtea hasi baino lehen, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza plana zehazten du, eta Hezkuntza Sailera bidali. Jasotako hizkuntza planak aztertu eta gero, ikastetxe bakoitzak behar duen laguntza zehazten du Jaurlaritzak. Hala, ikasturte honetan 120 irakasle aritu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan ikasle etorkinei laguntzen. Gainera, kontzertatutako 80 ikastetxek diru laguntza bereziak jaso dituzte beren hizkuntza planak garatu ahal izateko. «Irakasle gehienak ikasgelan bertan izaten dira. Ikasle etorkinek lehenbailehen gutxieneko hizkuntza maila lortzen laguntzea da irakasle horien helburua», azaldu du Agirreazaldegik. Zehaztu duenez, hizkuntza irakastearekin batera Euskal Herriko errealitatea eta kultura ere ikasten dituzte. «Ikasle etorkinek ikasturte eta erdi baten gutxi gorabehera hizkuntzaren gutxieneko ezagutzak lortzen dituzte», azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.