Atentatuak

Bost kilo lehergai zituen bart Leioako auto saltoki batean eztanda egin duen bonbak

Bart gauerdian Leioako (Bizkaia) auto saltoki batean lehertu den bonbak bost kilo lehergai zituen Jaurlaritzako Barne Saileko iturriek jakinarazi dutenez. Halaber, kalte materialak baino ez dituela eragin nabarmendu dute: hiru auto erabat hondatu ditu, eta beste hainbat txikizio egin ditu eraikinean. Leherketa gertatu baino 20 bat minutu lehenago ETAren izenean DYAra deitu zuen lagun batek abisua emateko.

2003ko abuztuaren 2a
15:10
Entzun
Goñi Motor izeneko ibilgailu saltoki batean zegoen jarrita lehergailua, Leioako industrialde batean, etxebizitzarik ez dagoen inguruan. Nolanahi ere, DYAn jasotako deiari esker, inguru guztia jendez husteko beta izan zuen Ertzaintzak, eta, ondorioz, eztandak ez du inor zauritu.

Barne Saileko iturrien arabera, saltoki barneko hiru auto hondatu ditu leherketak, eta, horrez gain, hainbat txikizio egin ditu eraikinean; hala nola, kristalak hautsi ditu eta hormak guztiz belztuta utzi ditu. Bost kilo lehergai erabili direla zehaztu duen arren, zein motatakoa den aztertzen ari da orandik Ertzaintza.



Goñi Motor saltokiko gerenteak azaldu duenez, inoiz ez dute mehatxurik jaso. Era berean, astelehenean enpresa martxan izango dela iragarri du.

Azken hilabete eta erdian ETAk Bizkaian jarri duen seigarren lehergailua da. Ostegunean beste lehergailu batek egin zuen eztanda Azkoitian (Gipuzkoa) , La Guipuzcoana garraio enpresaren egoitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.