atxiloketak

Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, azaroaren 10ean Bilbon izandako istiluekin lotura dutelakoan

18 eta 20 urte bitarteko bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Araban eta Gipuzkoan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Gasteizen atxilotu dituzte hiru, eta bana Tolosan eta Alegian. Azaroaren 10ean Bilbon izan ziren kale istiluekin lotura izatea leporatzen diete bostei, eta Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Javier Balzak dio ez dutela zuzeneko loturarik "Udaltzeinei egun hartan egin zitzaien erasoarekin".

2006ko azaroaren 29a
16:49
Entzun
Berri agentziek zabaldu dutenez, gaur goizean egin ditu atxiloketak Ertzaintzak. Askatasunak baieztatu egin ditu atxiloketak. Esan dutenez, Alegian Eneko Elola atxilotu dute, Tolosan Haritz Lopez, eta Gasteizen Mikel Ruiz, Haritz Diaz de Durana eta Olatz Urbina. Askatasunak jakinarazi duenez, Elolaren senideei telefonoz deitu diete atxiloketaren berri emateko, eta Gasteizko polizia etxera eramango dutela ere jakinarazi diete

Askatasunak mobilizazioak antolatu ditu gazte hauen atxiloketak salatu eta beren askatasuna aldarrikatzeko: 19:30tan Alegiko plazan eta 20:00tan Tolosako Triangelu plazan.

'Haika-Segi auziaren' berrikustea zela eta Segik deituta manifestazioa egin zen azaroaren 10ean Bilbon, eta manifestazioa amaitu eta gerora istiluak izan ziren.

Ertzaintzak eta hainbat berri agentzik zabaldu zutenez, kale erasoetan parte hartzen ari zirenek Bilboko Udaltzaingoari gasolina bota zieten, haiek erretzeko asmoz. Hala ere, hainbat lekukok eta Bilboko Lurralde Auzitegiko epaileak ukatu egin zuten bertsio hori.

Askatasunak gogora ekarri du "orduan ere gogor salatu" zutela "gezurren gainean eraikitako bertsio poliziala bere eginez, alderdi politiko ezberdinek hartu zuten jarrera. Hain zuzen, Euskal Herrian duela 8 hilabete ETAk su-etena iragarri zuenean, inork pentsatuko ez zuen errepresiozko egoera larria ezkutatzeko eta prozesuaren egoera ahula ezker abertzaleari leporatzeko, gezurra eta manipulazioa bailatu zituztelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.