Gora egin dute gripe kasuek Nafarroan azken egunetan. Hiru lagun hil dira herrialde horretan gripeak jota, eta 137 eraman dituzte ospitalera. Hiru hildakoek 85 urtetik gora zituzten, eta gaixotasun kronikoak ere bazituzten. Azken astean 3.200 lagun egon dira gripeak jota, eta 38 erietxeratu dituzte.
Osakidetzak ezagutarazitako datuen arabera, berriz, bi lagun hil dira azken orduetan gripeak jota. Txertoa jarri gabe zuten, eta osasun arazoak zituzten biek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 100.000 biztanletik 340k izan dute eritasun hori urteko hirugarren astean, eta, beraz, gora egin du gaixo daudenen kopuruak; izan ere, urteko bigarren astean 100.000 biztanletik 243,46k izan dute gripea hiru herrialde horietan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ordea, jakinarazi du beste urte batzuetan baino pertsona gutxiago daudela gaixotuta, tasa hori 800 lagunekoa izan baita iraganean.