Sindikatuek deituta, erretreten erregimen bereziaren erreformaren aurkako greba ari dira egiten gaur Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, eta Baionan bost mila lagun elkartu dira manifestazioan. 10:30ean hasi dute ekimena, Lan Burtsaren aurrean, CGT, FO, CFDT, FSU, UNSA, LAB et SUD sindikatuek deituta.
Sektore askoko jendea bildu da bertan: tren geltokietako langileak, postakoak, herriko etxeetakoak, irakasleak, enpresetakoak, ospitaletakoak, unibertsitari ikasleak...
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak langileek erretreta hartu ahal izateko denbora berdindu nahi du, salbuespen kasuak ezabatuz. Sindikatuek ez dute erreforma hori onartzen eta lan batzuetako gogortasun berezia kontuan hartu behar dela diote. SNCF tren konpainian duela astebete ekin zioten grebari eta bertze zenbait zerbitzu publikotan; hala-nola, EDF edo GDF enpresetan, greba eta elektrizitate etenak egin dituzte.
"Gobernua entzungor ari da, funtzionarien aldarrikapenak kontuan hartu gabe", dio CFDT sindikatuak. Denbora berean galdetzen du gobernuak ez ote duen gatazka bilatzen. Funtzio publikoko enpleguen eta hilabete sarien inguruko aldarrikapenekin bat egiten dute sindikatuek. "Urtez urte funtzionarioen erosmen ahalmena behera doa eta beharrezkoa da soldatak eguneratzea". Frantzian 23.000 lanpostu galduko direla ere salatu dute.
Bihar bilduko dira sindikatuak Frantziako Gobernuarekin.
Ikasleak ere karrikan
Eragin handia ukan du grebak irakaskuntzan. Departamendu mailan irakasleen %80k greba egin dutela uste dute sindikatuek. Bi eskolatik bat itxia egon da. Miarritzeko 11 eskoletatik sei itxiak izan dira. Kantinetako langileek ere greba egin dute eta Baiona 13 kantinetako langileek bat egin dute grebarekin. Unibertsitateko ikasleek ere bat eginen dute funtzio publikoko langileekin, nahiz eta aldarrikapen propioa eraman. Unibertsitatearen erreforma xedea salatzen dute ikasleek, autonomiaren legea.
Goizeko bederatzietan bildu dira Baionako fakultatean eta hiriko ikastetxeen itzulia egin dute, grebara deituz. 10:30ean ikasleek bat egin dute funtzio publikoko langileen manifestazioarekin.
Ekonomia
Bost mila lagun bildu dira Baionan manifestazioan, greba egun nagusian
Sindikatuek deituta elkartu dira goizean, Sarkozyren gobernuak hartu nahi dituen hainbat neurriren kontra protesta egiteko. Ipar Euskal Herriko zein Frantziako funtzionarioak ere grebara batu dira gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu