Bost minutuko geldialdia hildako erizainaren alde

Sindikatuek deituta, eten bat egin dute gaur osasun arloko langileek, euren lankidea gogoan izan eta babes pertsonalerako material gehiago behar dutela aldarrikatzeko.

Bilboko osasun langileak, gaur eguerdiko etenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 20a
14:41
Entzun

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek deituta, Osakidetzako langileek lana eten eta bost minutuko isilune bat egin dute herenegun gauean hildako erizainaren alde. Galdakaoko ospitaleko (Bizkaia) langilea zen, 52 urtekoa, eta sei egun ospitaleratuta igaro ostean hil zen. Euskal Herrian koronabirusa dela-eta hil den lehen osasun langilea izan da.

Hildako erizaina gogoratzeaz gain, beren egoera salatzea izan da gaurko etenaren beste helburua; ohartarazi dute balitekeela hildako gehiago egotea babes pertsonalerako ekipamendu gehiago iristen ez bazaie. Sindikatuen ustez, «lan osasunak bateragarria izan behar du jardun profesionalarekin».

Hedabideei adierazi dietenez, euren burua babesteko baliabideen falta da mediku eta erizainek oraintxe dituzten arazo nagusietako bat: «Ezinbestekoa da Osakidetzak norbera babesteko ekipamenduen eta plantillaren segurtasuna eta osasuna babesteko beharrezkoak izan daitezkeen gainerako materialen hornidura bermatzea». Beharginek  azpimarratu dute batak eta maskarak lortzeko arazoak dituztela, eta, horiek horrela, «bat baino gehiago zakar poltsak batak balira bezala erabiltzen» ari direla.

Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari «berehala jarduteko» exijitu diete sindikatuek. Funtsezko zerbitzuei erabateko lehentasuna emateko eskatu dute, zerbitzu horiek «nahitaez funtzionatzen jarraitu behar baitute».

«Zerbait egin beharra dago»

Galdakaoko ospitalean, UGT sindikatuko Mari Cruz Gonzalezek konponbide zabalak eskatu ditu, atzerritik material gehiago ekartzea, adibidez: «Zerbait egin beharra dago. Dagoeneko positibo eman duten hainbat mediku eta erizain ditugu, eta, egoera hau konpontzen ez bada, gaixoak zaintzeko profesionalik gabe gera gintezke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.