"NASAk inoiz egindako lorpenik zailena izan da hau". Halaxe deskribatu du Juno zundak egindakoa misioko arduradun Scott Boltonek. Izan ere, bost urteko bidaia luzearen ostean, eguzki argiz dabilen espazioko satelitea beste edozein ibilgailu baino gehiago gerturatu da Jupiterren orbitara.
Goizaldekoa, hala ere, ez da Juno-k gainditzen duen lehen muga. Izan ere, eguzki indarrez bultzatutako espazio zunden artean urrunen heldu dena bilakatu zen urtarrilean. Dena den, misioa ez da hasi besterik egin. Datozen hogei hilabeteetan, 37 itzuli emango dizkio Jupiterren orbitari, haren garapena eta eguzki sistemaren sorrera hobeto ulertzeko irudiak bildu ahal izateko. Horretarako, hamalau egunetik behin planetaren gainaldeko lainoetara hurbilduko da zunda, argazkiak ateratzeko.
Misioa amaitutakoan —2018ko otsailean— planeta jo eta suntsitzeko programatuta dago zunda.