Izan ere, eskerrak jasotzeaz gain, bildutako goierritarrek bost urteko jardunaren berri ere jaso zuten. Otamendik BERRIA argitaratzen duen Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) egitura xehatu zien. Erakutsi zien EKT paperezko BERRIA baino gehiago dela, hainbat bitarteko sortu dituela eta beste hainbatetan parte hartzen duela: Etxeraino, Iragarri eta Jarduna enpresak, eskualdeetako Hitza egunkariak, Berria.info, Nora aldizkaria, Martin Ugalde kultur parkea... Eta etorkizuneko bi proiektu potolo dituela eskuartean: inpresio zentroa eta tokiko telebista digitalak, sektoreetako eragileekin elkarlanean.
Beasaingo ekitaldian zegoen Aitor Aldasoro, Beasaingo alkateorde eta Euskara eta Hirigintza zinegotzia. Aldasoro harpideduna da eta BERRIAtik batez ere euskarari ematen dion tratamendua eta nazio ikuspegia estimatzen ditu. Faltan, berriz, «astelehenetako egunkaria» ematen du.
Bezperako egunkaria baino gauza zaharragorik ez dagoela esan ohi da, baina Joxepa Madariagak sarritan irakurtzen du bezperako egunkaria, «denbora faltagatik». Bere esanetan, etxeko txikienek asko estimatzen dute haurrentzako Mantangorri gehigarria: «Izugarrizko lana da, horiek izango baitira geroko irakurleak».
Inaxio Usarralderentzat BERRIA egunkari «itxurosoa» da. Iritzia sailetik abiatzen du irakurketa eta Plaza-ra jauzi egiten du gero. «Egunkari bati eskatzen diotenerako, BERRIA nahikoa dut».
Hurrengo ekitaldia
Eskualdez eskualde egiten ari diren ekitaldi sortan, honakoa da hurrengoa:
Lizarra. Bihar, 19:30ean, Fray Diego kultur etxean.