"Ez zara pozoitzaile bat, ez zara hiltzaile bat". Hitz horiekin hasi zuen bere saioa Paueko Krimen Auzitegiko prokuradoreak, atzo. Berez bizi osorako presondegi zigorra arriskatzen du Nicolas Bonnemaison Baionako ospitale publikoko mediku ohiak. Pozoia erabiliz zazpi eri hil izanagatik da Paueko Krimen Auzitegian. Baina atzokoan ez zen entzun halako zigor eskaerarik. Bost urteko baldintzapeko zigorra eskatu zuen Marc Mariee prokuradoreak. Bost urteak ez lituzke preso pasatuko. Prokuradoreak herritarrez osatua den zinpeko epaimahaiari eskatu zion ez diezaioten medikuntzan aritzea debekatu. Mediku Elkargoak debekatua dio jada mediku izatea Bonnemaisoni. Baina epaitegiaren erabakia behin betikoa litzateke, eta elkargoarena, behin-behinekoa da. Hortaz, bost urteren buruan mediku izateko eskubidea berriz ere eskatu ahal izanen luke.
Defentsaren aldetik, Bonnemaison hobengabetzea dute eskatu, "kuraiaz" jokatzea galdeginez epaimahaiko kideei. Bonnemaisonek egina "artatzea ala krimena" ote den galdea errepikatu zien behin eta berriz Arnaud Dupin Bonnemaisonen abokatuak. Krimenaren akusazioa erridikulizatu nahian aritu zen, bere ustez, egun, pozoitzea akusazio "zaharkitua" dela erranez. "Biziaren bukaera" dela gaia, eta egoera horretako artatzeak ezin direla "krimen" bezala epaitu.
Prokuradorearen, defentsaren eta parte zibilaren argudioekin eta eskariekin amaitu zen, atzo, ekainaren 11n hasitako auzia. Gaur emanen dute epaia.
"Bizia bururatzeko" asmoz
Biziaren bukaeran nola jokatu, prokuradoreak ere muga biziki hertsia dela aitortu zuen. Sedazioa egiten delarik, eria "lokartzeko" egiten dela, eta ez "bizia bururatzeko". Intentzio hori nabarmendu zuen prokuradoreak. Bonnemaisoni bizia bururatzeko intentzio argia zuela leporatuz. "Hiltzea eskatu ez zutenak hil zituelako". Horren frogatzat dauka kurarea erabili izana, jakinez normalki kurarea erabiltzen delarik hatsa lagundu behar dela makina baten bidez, eta kasu hauetan ez zela halakorik egin. Horren frogatzat dauka, baita ere, Hypnovel izeneko produktua erabili izana haren erabilerari lotua den protokoloa errespetatu gabe. Emeki-emeki behar da injektatu, baina Bonnemaisonek kolpez zuen injekzioa egiten, Marieeren hitzetan. Oro har, Bonnemaisonen ekintzak ez direla izan "mediku ekintzak" erran zuen Marieek, baina "ekintza transgresiboak".
Zigor kodea eta medikuentzat lege den Hipokratesen zina hartu zituen hizpide, "hiltzea debekatua" dela indartzeko: "Gure zibilizazioaren zutabeetako bat da hilketaren debekuaren balioa". Legea gogoratu zuen behin eta berriz prokuradoreak. Legeak akatsak izan ditzakeela ez zuen ukatu, baina gaineratuz auzi honetan ez dela hori kontua: Leonetti legeak duela legeztatzen bizi bukaera, eta lege hori ez duela errespetatu Bonnemaisonek. Erabakiak "bakarrik" hartuz, eta mediku txostenean sedazio horiek ez idatziz. Leonetti legeari izena eman dion diputatuak auzitegian erran hitzak hartu zituen prokuradoreak: "Idazteko gai ez zaren hori ez dezazula egin".
Bizia laburtzeko erabakiak ez lankideekin, ez eta familiekin partekatu ez izanagatik, azken une horiek senideei "ebatsi" izana leporatu zion prokuradoreak. Berez, zazpi eriak hilzorian ziren eta zenbait oren zituzten bizitzeko; ez ziren gai, ez mintzatzeko, ez beren azken xedeen azaltzeko. Baina hilzorian ziren horiek, halere, "bizi" izaten segitzen zutela zehaztu zuen prokuradoreak.
Bizkitartean, Bonnemaisonen kalitate profesionala "uka ezina" dela ere erran zuen prokuradoreak. Bonnemaisoni zuzenki mintzatu zen, erranez hasieran ikuspegi negatiboa zuela hartaz, baina auzi denboran ikuspegi hori aldatu zaiola: "Konbikzioz jokatu dukezu, baina konbikzio hori ez dator bat legeak dioenarekin. Huts egin duen mediku bat izan zara".
Zergatik horrela jokatu zuen, hori ere ulertu nahian aritu zen prokuradorea. Bere ustez, erien baitan ikusi sufrimenduak bereak zirela sentitzen zuen. Mediku ohiak depresiorako duen joera izan zuen horren argumentu. Hartzen dituen depresioaren aurkako botikak lekuko, eta baita Bonnemaisonen psikologia aztertu zuen adituaren txostena ere. Haren erranak bere egin zuen prokuradoreak, "hiperidentifikazio fenomenoa" hauteman baitzuen Bonnemaisonen ekintzetan. Bi orenez mintzatu zen prokuradorea, eta bukatu zuen berretsiz Bonnemaison hobendun zela zazpi pertsona pozoitzeaz.
Akusazio "inkoherentea"
Ezin dela erran mediku ona dela, eta aldi berean zazpi pertsona pozoituta hiltzeaz akusatu, hori hartu zuen bere defentsarako ildo nagusi Benoit Ducos-Ader, Bonnemaisonen bigarren abokatuak. Prokuradorearen zigor eskaeraren "inkoherentzia" hori nabarmendu zuen. Bost urteko baldintzapeko presondegi zigorrak ez duela "deus erran nahi" azaldu zuen abokatuak: "Pozoitzailea da, ala ez da".
Epaimahaiari "gaur da eguna" adierazi zien maiz. Legea aldarazteko erabaki bat hartzeko eguna, Bonnemaison "errugabetzeko". Abortua legez kanpokoa zelarik gertatu bezala, Krimen Auzitegian zenbait pertsona hobengabetu eta, hortik gero, Veil legea erabaki zela oroitarazi zien: "Justiziak bidea erakutsi zion legeari".
Parte zibilari dagokionez, jada "lasaitua" dela azaldu zuen beren abokatu Bernard Masserak. Françoise Iramuno Baionako erietxean hil zen 2011ko apirilaren 6an, Bonnemaisonek sedazioa egin eta. Eta semeak nahi izan zuen parte zibil gisa parte hartu auzian, "erantzun" bila. Familiak ez zuen salaketarik jarri nahi, ez zuelako kondena berezirik eskatu nahi, ez eta kalte-ordainik ere. Galderak pausatu, eta erantzunak aurkitu nahi zituen. Amaren mediku txostena begiratzeko aukera izan dute, eta abokatuaren bidez galderak pausatu ahal izan dizkiote Bonnemaisoni.
Pena batekin gelditzen direla halere, damutu zen Massera abokatua: "Erantzun zehatz eta konkretuen" eskasagatik. Bonnemaisonek auzi denboran erabili argumentuarekin —familiei eta lankideei ardura eta arrangura kentzeagatik zuela erabakia bakarrik hartu— kritiko izaten segitzen du familiak: "Hori iritzi bat da, interpretazio bat. Guretzat ez da aski". Baina, oroz gainetik, hau ezin ulertuz segitzen dutela senideek: "Zein da mekanismo intelektuala mediku bat bultzatzen duena, lankide eta familiak solastatu gabe, bakarrik bere erabakia hartu eta ekitera? Familia eta langileekiko mespretxu osoz, erran nezake. Auziaren galdera nagusia hori dela iruditzen zait". Eta horri begira erantzunik ez dutela aurkitu erran du abokatuak.