"Egiten duen funtzio soziala handia da". Bilboko auzo elkarteen federazioak egin zuen oharra Kukutza III eraitsi baino egun batzuk lehenago; 2011ko irailaren 21eko goizaldean, ordea, Udaltzaingoak kaleak itxi eta Ertzaintza gaztetxean sartu zen, hura eraisteko. Bost urte geroago, hutsik jarraitzen du Errekalde auzoko orubeak.
[Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/1218/[/Berriatb]
Herritar ugarik babestu zuten eraikina, baina Ertzaintzak barruan zeudenak aterarazi eta bi egun geroago eraitsi zuten. Babes hori errepikatu egin zen gaztetxea bota ondoren ere: milaka lagun elkartu ziren egun batzuk geroago eginiko manifestazioan.
Ertzaintzaren jokabidea ere auzitan egon zen: oldarraldietan, ehun pertsonatik gora zauritu ziren, eta 103 lesio txosten aurkeztu zituzten. 80 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako orduko Herrizaingo sailburuak, ordea, Ertzaintzaren jarduna defendatu zuen Eusko Legebiltzarrean: "Kukutzan egindako lanak nire babesa du, eta, Herrizaingo Sailaren buru naizen aldetik, nire ardurapean egin ziren; Ertzaintzak Kukutzan egindako lanaz harro nago".
Auzipetu zituztenetatik hemezortzi lagunentzat absoluzioa eman zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, eta beste bati lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion.