Espetxean bizi duen «muturreko egoera» dela-eta, Txus Martinez euskal presoa bere buruaz beste egiten saiatu dela jakinarazi du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Basaurikoa da Martinez eta Aix Luynesko espetxean (Frantzia) dago apirilaz geroztik.
AAMk azaldu duenez, irailaren25ean zainak moztu zituen. Zauriak osatu ondoren isolamendu modulura eraman, eta ordutik espetxeko zuzendaritzak ez duela harenganako jarrera aldatu salatu du AAMk. Familiak presoarekin egoteko aukera izan du, hasieran eragozpenak izan arren.
Txus Martinek bederatzi urte darama preso Frantziako Estatuko espetxeetan, eta horietatik bost erabat bakartuta izan dute. AAMk adierazi duenez, bizi duen bakartze egoerak soilik esplikatzen du gertatu dena. «Bere aurkako bakartze neurriek eraman dute Txus [Martinez] arazo psikologikoak izatera eta, ondorioz, zainak moztera».
2002ko urtarrilean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, ETArekin harremana zuelakoan. Joan den apirilaren 23an bete zuen Frantziako epaitegiek ezarri zioten zigorra. Espainiako Justiziak hura Espainiaratzeko eskaera egin zuen orduan. Erabaki hori salatzeko eta Espainiako polizien eskuetan torturak jaso zitzakeela-eta, 23 eguneko gose greba egin zuen. Horren ondorioz, erietxera eraman behar izan zuten.
AAMk jakinarazi duenez, bakartze egoerak eta espetxean jasaten ari den «jarrera ankerrak» arazo psikologikoak eragin dizkio eta tratamendu mediku gogor bat jarraitu behar du. Hartzen dituen botikak denboraren kontrolean eta oroimenean hutsuneak sortzen dizkiola adierazi du.
AAMk salatu du Frantziako eta Espainiako estatuek «aurrezdiseinatutako» espetxe politika baten biktima da Martinez. «Hainbeste urte bakartua izateak pertsona batengan dituen eraginak ondo ezagutzen dituzte espetxe politika anker hau marraztu dutenek. Hain zuzen ere, horregatik aplikatzen dute bakartzea, jakin badakitelako ondorioak oso larriak direla». Bakartze egoerara amaitu, eta Martinezek tratamendu duina jasotzeko duen eskubidea aldarrikatu du AAMk.
Elkarretaratze ugari
Presoen egoera eta aste honetan izandako atxiloketak salatzeko, protesta ekimen ugari egin ziren atzo. Besteak beste, Arrigorriagan, Eibarren, Getarian, Zarautzen, Galdakaon, Bakion, Irunen eta Arrasaten egin ziren elkarretaratze eta manifestazioak.
Bost urtez bakartuta egon ostean, zainak moztu ditu euskal preso batek Frantzian
Bakartzeaz gain bisita gutxi onartu dizkiote; arazo psikologikoak eragin dizkio horrek AAMren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu