Bostehun urteko baserri bat eraitsi dute AHTaren obretan

Azken egunetan, bi eraikin bota dituzte Durangaldean. Horietako bat da Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria. 

Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria. ANBOTO.ORG
2020ko maiatzaren 15a
17:01
Entzun

Alarma egoeran ere aurrera jarraitu dute AHTaren lanetan. Atzo, bostehun urte inguruko aztarnak dituen baserri bat eraisten hasi ziren Abadiñon (Bizkaia). Aurretik, asteartean, Atxondoko (Bizkaia) Maisuen etxea bota zuten.

Duela hamar urte, hainbat etxebizitza eta lursail desjabetu zituen Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak, bertatik abiadura handiko trenaren erreiak igarotzeko. Horietako bat da Abadiñoko Mendilibar-erdikoa baserria. Durangaldeko Anboto aldizkariak baserriaren jabe zen familiako kide Roberto Arteagaren hitzak jaso ditu, eta hark eman du etxearen antzinatasunaren berri: «Gasteizko enpresa bat baserriaren balioa aztertzen aritu da. Ikerketa bat egin zuen, eta, horren arabera, bostehun urte inguru ditu etxeak».

Hori ez da aste honetan Durangaldean bota duten eraikin bakarra. Hiru egun lehenago, Atxondoko Maisuen etxea desegin zuten. Eremu horretan zubibide bat egiteko proiektua dago, eta beharrezkoak ez diren lanei berrekiteko baimena eman zutenetik ari dira inguruan. Herritarrek hainbat protesta egin dituzte egoera salatzeko; besteak beste, Atxondoko AHTrik Ez plataformak deituta, adreiluz itxi zuten eraikina otsailaren amaieran.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.