'Egunkaria' auzia

Bostetan ekin diote berriz 'Egunkaria'-ren egoitza nagusia miatzeari

Otsailaren 20az geroztik Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz zigilatutako 'Euskaldunon Egunkaria'-ren egoitza nagusia miatzen aritu da Guardia Zibila eta Juan del Olmo epailea bera, goizeko zortziak geroztik. Bazkaltzeko tartea hartzeko, eguerdiko 14:45ean eten dute miaketa, eta arratsaldeko 17:00etan berriz ekin diote. Jose Mari Elosua abokatuak adierazi duenez, inbentarioa "modu azkarrean" ari dira egiten, baina erregistroa "kontu handiz, xehetasun guztiak kontuan hartuz" egiten ari direla nabarmendu du. Andoaingoaz gain, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko egoitzak miatzeko agindua ere badute guardia zibilek. Asteazkena arteko epea dute guardia zibilek miaketa guztiak egiteko.

2003ko abenduaren 1a
18:09
Entzun
'Egunkaria'-ren egoitza itxian inbentario orokor bat egiten ari dira, "ikerketarako baliagarria izan daitekeen material guztia" eramanez. Goizeko 8:00etan hasi du miaketa Juan del Olmo epaileak, eta 14:45ak arte "kontu handiz" ari dira zigilatutako egoitzaren bulegoak arakatzen. Auzitegi Nazionaleko Jual del Olmo epaileaz gain, Auzitegi Nazionalak izendatutako administrari judiziala, Enekoitz Etxeberria 'Egunkaria'-ren ordezkari legala eta Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua abokatuak parte hartzen ari dira.

Elosuak adierazi duenez, inbentarioa "modu azkarrean" ari dira egiten, baina erregistroa "kontu handiz, xehetasun guztiak kontuan hartuz" egiten ari direla nabarmendu du. "Inbentario orokor bat egiten hasi gara, behintzat ondasun nagusienenak; mahaiak, artxibadoreak, ordenagailuak, fotokopiagailuak... zerrendatu ditugu, baina bigarren helburua, miaketa, oso zehatza izaten ari da, administrazio sailetan gehienbat. Faktura guztiak banan-bana miatzen ari dira eta material pila bat hartzen", zehaztu du Elosuak.

Juan del Olmo epailearen auto berriaren arabera, egoitzak berriz irekitzeko baimena emanez gero, barruan dauden ondasun eta dokumentuen kontrola galduko luke epaileak eta ondorioz, ikerketarako garrantzizkoa izan daitekeen guztia eramateko agindua eman du Del Olmok. Horrez gain, diru kontuen ikerketari dagokion sumarioaren zati bat berriro sekretupen jartzea erabaki du.

Guardia zibil ugari

Martin Ugalde Kultur Parkearen sarrera nagusian Guardia Zibilaren lau patrol egon dira goiz guztian zehar eta atzeko aldean beste bat. 9:45 aldera Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendaria eta egun 'Berria' egunkariko zuzendaria dena iritsi da Kultur Parkera eta identifikatu eta minutu batzuk itxaron ondoren lantokira sartzen utzi diote. Jarrera bertsua izan dute Martin Ugalde Kultur Parkeko gainerako langileekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.