Igandean sortutako suak eragindako kalteak aztertu ostean, Bilboko Udaleko Hirigintza Batzordeak eraikina botatzea erabaki du. Sutean bi ume eta gizonezko bat larri zauritu ziren. Beste ume batek eta hiru helduk ere izan zituzten zauriak, baina ez larriak. Hiru heldu horietako bat, sua itzaltzen aritu zen suhiltzaileetako bat da.
Bilboko Udalaren arabera, eraikina "erortzeko zorian dago" eta eraisteko lanak gaur bertan hastea erabaki dute, ingurua hesitu ondoren.
Igande goizaldeko ordubata eta erdiak inguruan piztu zen sua Kastrexana kaleko 174. atarian, Castresana auzoan, Alonsotegirako bidean. Lehen ikerketen arabera, gas ihes baten ondorioz gertatutako leherketa izan zen sutearen abiaburua eta, hiru pisuko eraikinaren egitura zurezkoa zenez, berehala hartu zuten garrek guztia. Hirugarren solairuan bizi zen familiak balkoitik egin zuen alde, auzokoen eta suhiltzaileen laguntzaz.
Eraikina zaharra zen, eta han bizi zirenak, oro har, baliabide gutxiko jendea ziren.
Gizartea
Bota egingo dute igandean su hartu zuen Bilboko eraikina
Sutean bi ume eta gizonezko bat larri zauritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu