Egun batetik bestera gaztetxea hutsarazi eta eraitsi egingo dutelakoan, erresistentzia prestatzeari ekin diote Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxean. Hango kideek ohartarazi dute epaileak dagoeneko sinatua duela eraikina husteko agindua. Jabeak eraikuntza enpresa bati saldu dio lokala, eta etxebizitzak egiteko asmoa du hark. Gazteek, ordea, ez dute eraikina utzi nahi; 13 urtean egon dira han. Erresistentzia taldeak antolatzeko eskatu dute, eta dei egin diete herritarrei lotarako zakuak, kanpinak eta horrelakoak eraman ditzaten. Protesta eguna egitekoa dute hilaren 16an, larunbatarekin.
Auzoan zeresana eragin du gaztetxea husteko arriskuak. Lib dub jendetsu bat grabatu dute asmoaren aurka. Interneten dago. Bilduk bat egin du auzotarren aldarriarekin, eta esku hartzeko eskatu dio Bilboko Udalari. Hiru aukera jarri ditu mahai gainean: eraikina ekipamendu izendatzea, enpresarekin beste lursail bat trukatzea, eta enpresari eraikina erosi eta auzoaren esku uztea. Mozio bat aurkeztuko dute udalbatzan.
Botako duten mehatxua dela eta, erresistentziara deitu dute Kukutza gaztetxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu