Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak baimena emateko zain dago orubea. Kukutza botatzeko presak izan zituzten Bilboko Udalak eta Cabisa eraikuntza enpresak. Eraikitzeko lanak motel doaz, ordea. Orubea begien bistan dago Errekalde auzoan; hesi batek inguraturik, gaztetxe izan zenaren lurra. Cabisa enpresa jabetu zen eremuaz, etxebizitzak egiteko. Kutsatuta daude lurrak, ordea, garai batean industria jarduera izan baitzuten. Etxebizitzak egin aurretik, kutsadura garbitzea beharrezko zaio Cabisari. Bilboko Udalak azaldu dio BERRIAri eraikuntza enpresak horretarako baimena eskatua duela Jaurlaritzan. Enpresa epeak betetzen ari dela ziurtatu du udalak.
Hala ere, Kukutza bota zutenetik mortu egon da orubea. Urtebeteko epean aurkeztu behar zuen proiektua Cabisak. Udalak jakinarazi du enpresak garaiz aurkeztu zuela proiektua, baina Jaurlaritzaren erantzunaren esperoan dagoela orain. Hain justu Errekaldeberriz auzo elkartearen salaketa bide horretatik joan da; auzotarrek uste dute udalak ezin zuela Kukutza botatzeko baimenik eman, enpresa eraikitzaileak ordurako iraungita zeukalako lizentzia —zortzi urteko gehienezko epea agortuta zeukan—. Urtarrilean salaketa ofiziala aurkeztu zuen auzo elkarteak, udalaren aurka, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Kukutza botatzeko baimena «nuloa eta legez kontrakoa» izan zela argudiatu zuen auzo elkarteak. Baimen guztiak legez eta arauz eman dituela erantzun eta errepikatu du udalak.
Udal batzordeetan-eta ez dela gaiari buruz ezer aipatu esan du, ordea, Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagak. Txostena eskatzeko eta gaia zertan den galdetzekotan da Bildu. Cabisari epea agortzen ari zaiola eta obrarik behintzat ez duela hasi ohartarazi du Ibaibarriagak. Joan den irailean egindako balorazioa berretsi du: «Udalak nahiago du lur saila hutsik ikusi, erabilera sozial bat ematea baino». Udalak, gainera, auzotarrentzako zerbitzuen alde egin beharrean «jabetza pribatuaren alde» egin duela uste du.
Lantegi, biltegi, gaztetxe
Garai batean Cerezo lantegia egon zen gero Kukutza gaztetxea bihurtu zen leku horretan. Eraikina ondare industrial gisa katalogatua zuten Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Baina okupatu aurreko urteetan historia iluna ere izan zuen eraikinak. 1990eko hamarkada hasieran, jabeak utzi egin zuen eraikina, droga biltegi gisa erabiltzen zutela jakin zenean. Udalak bereganatu zuen orduan, eta lurrei kalifikazio berria eman zien 1996an, etxebizitzak eraiki ahal izateko lekuan. Cabisa enpresak ordurako erosiak zituen lurrak, bi milioi euro inguru pagatuta. Udalak birkalifikatuta, sei milioi euroko balioa hartu zuten.
Baina hutsik jarraitzen zuen. 1998an sartu ziren Errekaldeko auzotarrak barrura. Kukutza izenarekin bataiatu zuten auzoarentzako zerbitzu emaile eta bilgune izan nahi zuen egoitza. Hamahiru urte iraun zuen ametsak, iazko irailaren 23an eraikina lurrarekin berdindu zuten arte.
Kukutza gaztetxea. Itxieraren urteurrena
Botatzeko presak
Egun batzuen buruan berdindu zuten Kukutza lurrarekin. Urtebete joanda, orube mortua da gaur egun. Etxeak egiteko baimenak eskatuta eta prozedura abian dela jakinarazi du udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu