Indarkeria matxista

Botere judizialaren "izaera matxista" salatzeko, auzitegian kateatu dira Ernaiko kideak

Bilboko Justizia jauregiko atarian egin dute ekintza Ernai gazte antolakundeko dozenaka neskak, beltzez jantzita eta pintura gorriz zikinduta.

2018ko azaroaren 21a
15:29
Entzun

"Bilboko Buenos Aires kaleko Justizia Jauregiko atarian kateatu gara Ernaiko dozenaka neska* botere judizialaren izaera matxista eta zapaltzailea salatzeko". Mezu horrekin zabaldu du Ernaik goizean goiz Bilbon egindako ekintza: "Injustizia patriarkalari ateak itxi. Neska* gazteok autodefentsa feminista".

Ekintzan parte hartu duten Ernaiko kide gehienak auzitegiko atarian kateatuta zeudela, bi neskak pintura gorria bota diote beren buruari. "Batzuetan, biktimizatu egiten gaituzte epaileek; bestetan, jasandako erasoaren erantzule egiten gaituzte, eta erasotzaileak babesten dituzte. Behin eta berriz esan digu ez gintuela sinesten gu babestea beste eginkizunik behar ez lukeen epaitegiak". Izan ere, salatu dute epaitegiak egunerokotasunean "sistemaren erreproduzitzaile huts" direla oraindik ere, "sona mediatiko berezia izan duten kasuez harago".

"Kapitalismo heteropatriarkalak milaka abizen dituen bezala", sistema judizialak ere "izaera patriarkal-matxista izateaz gain, kapitalista, arrazista eta antidemokratikoa" duela oroitarazi dute, eta ohartarazi sistema horrek zigorra jartzen duela erdigunean: "Mendekuan hezi nahi gaituzte, eta guk uko egin nahi diogu horri".

Oraingo justiziak ez diela "sinesten" salatu dute, eta eurek ere ez dutela sinesten sistema horretan: "Sinesten dugu justizia feministan, erreparazioan, babesean eta prebentzioan. Horretan sakondu beharra ikusten dugu, era horretan mugimendu feministan lanean gabiltza eguneroko jardunean". Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a, eta, bide horretatik, mugimendu feministaren mobilizazioetara deitu dute.

Egun horren testuinguruan egin dute ekintza Ernaiko kideek, baina ohartarazi dute ezin dela egun bakarrera mugatu: "Azaroaren 25ean eta egunero, gora borroka feminista!". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.