Jarduera politikoaren "arima" etika dela nabarmendu du Uriartek homilian. Etikarik gabe, demokrazia hondatu egiten dela, kohesio soziala apurtu egiten dela, eta herritarrek ongizate komunarekiko duten interesa galdu egiten dela esan du. Ildo horretatik, beren jardunaren oinarrian etika jartzeko eskatu die Uriartek politikariei, "aro korapilatsu, eta beldur zein esperantzaz zamatua" abiatzen ari dela iritzi ondoren.
Jardun politikoan etikaz jokatzeak, "beste ezeren gainetik bizitza defenditzea" eta "helburu diferenteak guztiz betetzeaz gaindi bakearen bilaketa" eskatzen duela esan du. Ildo beretik, boterearen erabilerak sor dezakeen "indarkeria morala" gaitzetsi du: " Etika politikoak eskatzen du botere legegile, judizial eta exekutiboaren erbileratik erator daitekeen indarkeria moralari uko egitea".Presoei dagokiela, haien eskubideak errespetatzeko galdegin du Donostiako gotzainak, "delitu egileen eskubide bortxaezinen errespetu zorrotza eskatzen baitu etikak praktika politikoan".
Hedabideak ere izan ditu hizpide Uriartek homilian, politikarekin uztartuz, eta gizarte komunikaziorako medioek "alderdien interesen aurretik egia" jarri behar dutela nabarmendu du. Halaber, politikarien arteko elkarrizketaren arteko deia egin du, politikan etikaz jarduteak "autokritikarako gaitasuna eta norberarenaren kontrakoak diren aukerak dituztenekin komunikatzeko borondatea" eskatzen dituela esan baitu. Azkenik, politika etikan oinarritzeko "sufritzen ari diren guztien mina sentitzea" derrigorrezkoa dela esan du Uriartek, eta sufrimendu hori norberak probetxu ateratzeko erabiltzeari guztiz uko egitea.
Santutegiaren atarian, berriz, euskal presoen aldeko elkarretaratzea egin dute. Hainbat lagun bildu dira Euskal presoak Euskal Herrira zihoen pankartaren atzean, eta espetxeratuen aldeko oihuak egin dituzte agintariak igaro ahala.
Euskal Herriko gatazka
Botere legegilearen, judizialaren eta exekutiboaren erabilerak sortutako indarkeria gaitzetsi du Uriarte Donostiako gotzainak
Arantzazuko Amaren egunaren kariaz, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria eta Gipuzkoako agintari nagusiak —Joxe Juan Gonzales Txabarri Ahaldun Nagusia buru zela— Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak Arantzazuko santutegian eman duen mezan izan dira. Beren jarduna "etikan" oinarritzeko eskatu die Uriartek politikariei; hain zuzen ere, bizitzaren defentsa eta bakearen bilaketa beste helburu guztien gainetik jar ditzatela, eta "botere legegile, judizial eta exekutiboaren erabileratik erator daitekeen indarkeria moralari" uko egin diezaiotela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu