BOTERE PUBLIKOEN ERREFORMA. Korsikan bezalako erakunde baten sortzea proposatu du Lasserrek

Botere publikoen erreforma lantzen ari da 'Balladur batzordea', eta Ipar Euskal Herriak gal dezakeenaren beldur dira hautetsiak

ENEKO BIDEGAIN / BAIONA
2009ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Bide batetik edo aurkako bidetik. Ipar Euskal Herriaren etorkizuna gisa batera edo bestera baldintza dezake Balladur batzordeak aterako duen txostenak. Daukan ezagupen apurra gal dezake edo orain daukana baino handiagoa lortu. Jean-Jacques Lasserre bera --Hautetsien Kontseiluko lehendakaria eta Pirinio Altantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakari ohia-- Ipar Euskal Herriko erakunde berezi bat sortzearen hipotesia aipatzeraino iritsi da, Korsikakoa eredutzat harturik. Frantziako erakundeen erreforma aukera batek Ipar Euskal Herriko departamenduaren edo berezko instituzio baten aurkari bat iritziz aldatzera bultzatu du.

Hilabete bukaerarako espero da Frantziako Gobernuak bultzaturiko gogoetaren emaitza eta erakunde publikoen erreforma proposamena. Edouard Balladur Frantziako lehen ministro ohiak gidaturik, tokiko kolektibitateen aldaketa handiak egitea pentsatzen ari dira. Eta horrek Ipar Euskal Herriko hautetsien kezka eragin du. Kezka horiez Balladurrekin berarekin mintzatzera joan zen ordezkaritza bat Pariserajoan den asteartean (Lasserrekin batera, Jean Grenet Baionako diputatu eta auzapeza, Frantxoa Maitia kontseilari nagusi eta eskualde kontseilaria, Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko lehendakaria eta Caroline Philipps lehendakariordea izan ziren).

Frantziako botereak eta erakundeak hostopil baten gisan antolatuak direla erran izan da maiz: udalak, udal elkargoak, pays egiturak, departamenduak, eskualdeak, estatua... Egituraketa sinplifikatzeko modua aurkitzea da Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Balladur batzordeari eman zion betekizuna. Desager daitekeen egitura bat pays egitura izan daitekeela aipatu da. Eta horrek alarma piztu du Hautetsien Kontseiluan eta Garapen Kontseiluan, Ipar Euskal Herriko pays egituraren baitan funtzionatzen baitute bi erakunde horiek, eta Ipar Euskal Herriko lurraldearen onarpen ofizial bakarra delako. Horren baitan izenpetu ahal izan ziren Hitzarmen Berezia eta Kontratu Plana.

Egitura horiek desagertuko balira Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren inguruan garatutako dinamika desagertuko litzatekeelako beldurrez, horri eustearen alde mintzatu zaizkio erakunde horietako ordezkariak Balladurri. Erantzunik ez dute ukan, baina aukeretariko bat orain dauden pays egiturei eustea eta berririk ez sortzea litzatekeela ulertu dute.

Baina hori ez da nahikoa Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko lehendakaria lasaitzeko. «Pays egiturari buruzko erantzunak balio du, eskumenak erabil badaitezke bakarrik». Departamenduei hainbat eskumen kentzea dago jokoan, ordea. Balladur batzordeak aurkeztuko duen txostenak erakunde publikoen arteko eskumenen banaketaz zerbait zehaztuko du, eta litekeena da departamenduek eskumenak galtzea.

Eskumenen transferentzia

«Departamenduak guztiz hezurgabetuak badira, eskumenen transferentziaren eztabaida hasi beharko da. Euskal Herriak ezin izango die bere erronkei aurre egin, departamendua guztiz edukiz husten badute». Kasu horretan, euskal departamenduaren aldarrikatzea ere alferrikakoa litzatekeela uste du, «ez lukeelako gaitasunik».

Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak bi hipotesi aipatu dituzte, arazoari aurre egiteko, eta Ipar Euskal Herrian orain arte egindako elkarlana eta berezitasunen kontuan hartzea ez bertan behera gelditzeko. Proposamen ausartena, berezko erakunde publiko baten sortzea da, «Korsikakoa bezalako lurralde kolektibitatea, adibidez». Erakunde hori Ipar «Euskal Herriko testuinguru sozioekonomiko, kultural eta geografikora egokitua» izanen litzateke. Erakunde horrek, «esperimentazio» gisa, «eskumen zabalak ukanen lituzke, garapenean eta antolaketan, besteak beste». Bigarren hipotesiak antzeko eskumenak lituzkeen antolaketa bat sortzea aipatzen du, instituzio bat izan gabe.



Zer da 'pays' bat?

Kohesio geografiko, ekonomiko edo kulturala duen eremu bateko lurralde proiektua da. Pasqua legeekin sortu zen, 1995ean, eta Voynet legeekin osatu, 1999an. Eragile politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak Garapen Kontseiluan biltzen dira, lurralde antolaketari buruzko gogoetak egiteko eta proiektuak lantzeko.





Hiru urratseko bidea

Garapen Kontseilua. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua 1994an sortu zen, sektore sozioekonomiko eta kulturalak biltzeko, eta Euskal Herria 2010 gogoetaren barnean, etorkizunerako antolaketa eskema bat obratzeko. 1997an aurkeztu zuten eskema hori.

Hautetsien Kontseilua. 1997an sortu zen, Ipar Euskal Herriko hautetsi guztiak biltzeko. Antolaketa eskemari bidea emateko negoziazioen ardura hartu zuen bere gain. Halaber, antolaketa eskemaren obratzearen jarraipena ere bere gain hartu zuen geroago, Garapen Kontseiluarekin batera.

Hitzarmen Berezia. Eskema horren zati bat 2001ean onartu zen Hitzarmen Berezian obratu zen. Frantziako Estatuak, Akitaniako Kontseiluak eta Departamenduko Kontseilu Nagusiak finantzatu zituzten horko proiektuak, eta dena Hautetsien Kontseiluak koordinatu zuen.



1982

Deszentralizazioaren lehen urratsa.Defferre legeak Frantziaren deszentralizazioa hasi zuen. Prefetari departamenduko exekutiboa kendu eta Kontseilu Nagusiari eman zitzaion. Eskualdeak lurralde kolektibitate oso bihurtu ziren, eta botere gehiago eman zitzaien.

2002

Raffarinen deszentralizazioa. Jean-Pierre Raffarin Frantziako orduko lehen ministroak deszentralizazioaren bigarren urratsa abiatu zuen, gogoeta eta eztabaida fase handi baten barnean. Funtsean, aldaketa gutxi nabaritu zen, eta balantze negatiboa atera zen hortik.

Egutegia

Otsail bukaera:Balladur batzordeak erakunde publikoen erreforma proposamen bat aurkeztuko du.

Udaberria: Frantziako Parlamentuak txostena ikertuko du.

Iraila: Botere publikoak erreformatuko dituen legea bozkatuko da, Sarkozyren aurreikuspenak betetzen badira.

Zerbitzuen zentralizatzeprozesuak kezka eragin du

Azkenaldian hainbat zerbitzu zentralizatzen ari direla salatu dute, besteak beste, Gizarte Segurantzako dirua biltzen duen URSSAFen kasua izan da aipagarriena. Halaber, Baionako Merkataritza Ganberaren erabakigunea Bordelera pasatzeko kezka badago. Gauza bera Ofizialeen eta Laborantza ganberentzat.



Departamenduek indarra galduko dute erreformarekin

Herri elkargoei botere gehiago ematea eta horko kideak bozketa bidez hautatzea aztertzen ari dira
E. Bidegain Baiona

Galdera andana bati eman behar dio erantzuna Balladur batzordeak, tokiko erakunde publikoen erreforma proposatzeko.

1. Eskualdeak

Frantzian dagoen eskualde kopurua hamabostera jaistea pentsatzen ari dira. Orain, 22 dira. Hainbat eskualdek bat eginen lukete; Akitaniak, adibidez, Poitou-Charante eskualdearekin bat egin lezake. Eskualdeen handitasuna kontuan hartu gabe eginen lukete eskualde berrien banaketa.

Departamenduetako kontseilari nagusiak eskualde kontseiluetako hautetsi ere izatearen aukera ere aztertzen ari dira.

2. Departamenduak

Hasieran departamenduak eta eskualdeak erakunde berean batzea aipatzen zen. Baina departamenduetako hautetsien erreakzioaren aurrean, ematen du Balladur batzordeak asmo horretan gibelera egin duela, eta departamenduak ez direla desagertuko. Haatik, departamenduari indarra kentzea aztertuko dute: eskualdeen osagai bihur litezke pertsonalitate morala atxikiz edo galduz.

Hauteskunde sistema horren arabera egokitzea pentsatzen ari dira. Eskualde hauteskundeak eta departamenduko biltzarrerakoak bateratzea da hipotesietariko bat. Kasu horretan, bozkatzeko sistema bera ere aldatuko litzateke: edo zerrendak hautatuko lirateke departamenduka, eta ez gehiago kontseilari nagusiak kantonamenduz kantonamendu; edo kontseilari nagusiak banaka hautatuko lirateke, baina kantonamenduen mapa berri baten arabera; edo zerrendak hauteskunde barrutika hautatuko lirateke; azken aukera litzateke hiriguneak eta baserri guneak bereizten dituen hauteskunde sistema misto bat aurkitzea.

3. Herri elkargoak

Herri elkargoei indar gehiago ematea eta herri elkargoen mapa aldatzea dira aztertzen ari diren ardatzetariko bi. Herri elkargotako ordezkariak hauteskunde bidez hautatzeko aukera ere planteatu dute. Baiezkoa erabakiz gero, hauteskunde horiek herriko bozekin batera egitea aztertuko dute, edo udaletako zinegotzi guztiak herri elkargoko kide izateko aukera.

Halaber, kostuak murrizteko, erakunde horien administrazioak eta aurrekontuak biltzea ala ez ere aztertzen ari dira. Herri elkargoen exekutiboen bolumena apaltzea ere aipatu dute.

4. Eskumenak

Erakunde bakoitzaren eskumenak zein diren argi finkatzeko asmoa agertu du batzordeak. Horretarako, eskumen orokorren klausula kendu beharko litzateke. Klausula hori dela eta, erakunde desberdinek gai beren inguruko eskumenak badituzte. Adibidez, departamenduak eta eskualdeak proiektu bera diruz laguntzen ahal dute. Klausula hori hautsiz gero, erakunde bakoitzak eskumen zehatz batzuk ukanen ditu, eta ez ditu beste erakundeekin partekatuko. Hainbat hautetsi horren aurka azaldu dira. Bestalde, Estatuak eskumen batzuk beste erakundeei transferitzea ere aztertzen ari dira.

5. Dirua

Erakunde publikoen diru iturriak ere aipagai dituzte batzorde horretan. Enpresei zergak ezarri gabeko tokiko zerga sistema bat antola daitekeen gogoetatzen ari dira. Nicolas Sarkozyk dagoeneko aurrea hartu die gogoeta horiei, lanbide zerga kentzea aurreikusi baitu. Udalentzat eta herri elkargoentzat diru iturri handia da lanbide zerga, eta iragarpenhorrek hautetsien haserrea eragin du. Sarkozyren nahia da 2010etik goiti enpresek lanbide zerga ez gehiago ordaindu behar izatea.



Bretainia berriz batzea onartu du Balladurrek

Loire-Atlantique departamendua Bretainiari juntatzea aspaldiko aldarrikapena zuten bretainiarrek
E. B. Baiona

Bretainiarrak, gutxienez, poztuko dira botere publikoaren erreformarekin. Itxura guztien arabera, Balladur batzordeak Bretainia eskualde historikoa berriz batzea proposatuko du, datozen egunetan publiko eginen duen txostenean agertuko denez. Bretainiako hautetsiek jadanik entzun dute zirriborroan zer idatzia den: Loire-Atlantique departamendua Bretainia eskualdearen barnean sartuko dute.

Bretainiako hautetsien aspaldiko aldarrikapena da Bretainia berriz batzea. Loire-Atlantique 1941ean bereizi zuten Bretainiatik, Petainen gobernuaren dekretu baten bidez. Geroztik, egoera ez da aldatu. Bretainiako hautetsiek (abertzaleek, berdeek, sozialistek, zentristek eta eskuinekoek) Loire-Atlantique departamendua Bretainiako beste lau departamenduekin batzea eskatzen zuten aspaldian. Gauza bera egin zuten Loire-Atlantique departamendukoek ere.

Nicolas Sarkozyk piztu zuen berriz eztabaida joan den azaroan.



Korsikako aldaketak korapilatsuak izanen dira

Bi departamenduak desagertzeko aukera legoke, baina Kontseilu Nagusietako buruzagiak aurka daude
E. B. Baiona

Erreforma horren bidez bidera daiteke duela zenbait urte huts egin zuen aldaketa: Korsikako bi departamenduak desagertzea, Korsikako lurralde biltzarraren baitan. 2003ko uztailaren 6ko erreferendumean hori zegoen jokoan, baina ezezkoa nagusitu zen, %51rekin. Ondorioz, Korsikan ez zen aldaketa instituzionalik gertatu.

Erreferendum hartan nagusitu zen ezezkoak zailduko du bi departamenduak eta Korsikako lurralde kolektibitatea batzeko aukera. Baina aukera hori aztertzen ari da Balladur batzordea. Beste arazo bat da Korsikako departamenduetako Kontseilu Nagusietako buruzagiak departamenduak desagertzearen aurka direla. Alabaina, departamenduak desagertzeak, hautetsi batzuen boterea ahultzea eragin lezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.