Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Boterera iristeko herriaren arazoak erabiltzea egotzi dio PSEk PPri

«Bakea eta elkarbizitza» lortzeko Rubalcaba Raxoi baino hobea dela azpimarratu du Ramon Jauregik

PSE-EEk Bilbon atzo arratsaldean egin zuen ekitaldia. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Herriaren arazoak» aprobetxatzen ari da PP boterera iristeko, Ramon Jauregi PSE-EEren hautagai eta Presidentzia ministroaren irudiko. Horregatik, Jauregiren ustez, botoa ematen diotenak «hurrengo egunean» damutuko diren beldur dira PPko kideak.

Espainiako Gobernuan egon den denboran PSOEk egindako kudeaketa defendatu zuen Jauregik atzo, Gasteizen emandako mitinean. «Egin behar zena egin da, nahiz eta asko dagoen egiteko. Europan gertatzen ari diren aldaketen harira, ekonomiaren ontzia salbatu da». Ekonomiaren gaian, PP hiru gezur esaten ari dela ohartarazi zuen: «Espainiako krisia nazionala dela eta ez nazioartekoa; gobernua aldatzen denean dena konponduko dela; eta gauzen zentzuaren kontrako neurriekin arazoak konpontzeko gai izango direla». Haren ustez, herritarrei esan behar zaie PPren politikak «murrizketa masiboak eta pribatizazio andana» izango direla.

Ekonomiaren egoera hobetzeko ez ezik, ETAk armak utzi ostean Euskal Herrian ireki den agertokia kudeatzeko ere Alfredo Perez Rubalcaba da aukerarik onena, Jauregiren irudiko. Horregatik, abertzaleei ere botoa eskatu zien atzo: «Rubalcaba Raxoi baino hobea da bakea eta elkartasuna eraikitzeko, eta etorkizun itxaropentsua kudeatzeko». Izan ere, esan zuenez, PSOE da «autonomian, Euskadirekin elkar ulertzean, bere nortasunean eta autogobernuan gehien sinesten duena».

PSN boto aurrerakoiaren bila

«Boto aurrerakoiaren beharra» dago, PSNko hautagai Juan Moscosoren irudiko. Haren ustez, horrek eragotz dezake «PPk eta Mariano Raxoik kaleak sutzea, ahulenei aplikatuko dizkieten murrizketekin». UPNko hautagai Carlos Salvadorren hitzei erantzun die Moscosok. Hau esan du hark: «PP erreformak egiterakoan ausarta bada, kaleak erre egingo dira». Botoa Rubalcabari emateko deia egin du Moscosok, «hainbesteko beldurra ematen digun eskuin hau geldiarazi dezan».

Menpekotasunaren Legea ez dela bideragarria esan du Raxoik, besteak beste, kanpainan. Moscosok atzo esan zuen Menpekotasunaren Legea «PSOEren lorpen historikoa» dela, eta «haren alde borrokatzen jarraituko dutela».

PSNren Senaturako hautagai Maria Chivitek ere ildo bereko hitzak izan zituen, eta esan zuen Raxoi «ongizate estatuarentzat arriskua» dela. Rubalcabak kontratazioa merkatu nahi du, eta Raxoik, berriz, kaleratzeak merkatu nahi dituela azpimarratu du, eta salatu du Raxoik negoziazio kolektiboan langileei eskubideak kendu nahi dizkiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.