Botika enpresentzat «onartezina» da generikoak lehenestea

Espainiako Osasun Ministerioak herenegun hartutako erabakiaren aurka egin du Farmaindustriak

Erredakzioa
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
«Medikuek sendagai generikoak errezetatu beharra onartezina da, eta, gainera, ez da iragarritakoa aurreztuko». Farmaindustria botika ekoizleen Espainiako patronaleko zuzendari Humberto Arnesek ezinegona azaldu du Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek medikuak botika generikoak errezetatzera behartu izanagatik. Halaber, indarrean jarri nahi duten neurriak gaixo asko «arriskuan» jarriko dituela salatu du, eta, horregatik, premiazko bilera eskatu du Leire Pajin Osasun ministroarekin.

Autonomia erkidegoetako osasun arduradunek eta Espainiako Osasun Ministerioak bilera egin zuten herenegun. Hainbat erabaki hartu zituzten bertan: batetik, medikuek botika generikoak lehenetsi beharko dituzte bestelako sendagaien gainetik, eta farmaziek ere horien artean merkeenak saldu beharko dituzte. Bestetik, merkatuan hamar urte baino gehiago daramatzaten botiken prezioa %10 murriztuko dute, haien ordezko generikorik ez badago. Neurri horiekin 2.400 milioi euro aurreztu nahi ditu Espainiako Gobernuak.

Baina Farmaindustriak ez du ontzat jo erabakia. Haien ustez, «botika generikoak errezetatzera behartzen badituzte sendagileak, beren jarduera profesionalari kalte egingo diote, eta adinekoen eta sendagai asko hartu behar dituzten gaixoen osasunari ere bai». Arnesek argi utzi du botika generikoak markako sendagaiak bezain «eraginkorrak» direla. Baina dagoeneko ohituta dauden gaixoei botika aldatzeak tratamenduari kalte egiten diola azaldu du Arnesek.

«Atsekabetuta eta harrituta»

Osasun Ministerioak hartu nahi duen neurria dela-eta «atsekabetuta eta harrituta» daudela adierazi du Arnesek. «Atsekabetuta, botiken salmentaren inguruan bi lege dekretu onartu zirelako joan den urtean, 2.500 milioi euro aurrezteko helburuarekin;eta harrituta, sektoreak eragiten duen kostua ez delako horren handia». Horregatik, presazko bilera eskatu dute Osasun ministroarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.