Marciano Sanchez Bayle. 'No, gracias' plataformako kidea

«Botika industria osasun sistema publikoaren bizkarroia da»

Farmazia alorreko hainbat enpresak estatu askok baino aurrekontu handiagoak dituztela salatu du Marciano Sanchez Baylek.

Ibai Maruri Bilbao.
Barakaldo
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
No, gracias plataforma (Ez, eskerrik asko) aurkeztera etorri da Euskal Herrira Marciano Sanchez Bayle, Madrileko Niño Jesus ospitaleko pediatra. FADSP Osasun Publikoaren Aldeko Elkarteen Federazioko antolakuntza idazkaria da. Medikuek botikak egiten dituzten enpresen opari eta pizgarriak jasotzen dituztenean, «ez, eskerrik asko» erantzutea da elkarte horren helburua.

Nolakoak dira osasun sistema publikoaren eta farmazia industriaren arteko harremanak?

Botika industria osasun sistema publikoaren bizkarroia da. Industriak osasun sisteman sartzeko ahalmen izugarria dauka, gehiegizkoa, eta aldi berean influentzia edo eragin neurrigabea medikuek jasotzen duten informazioan zein prestakuntzan.

Nola gertatzen da bizkarroilana deitu duzun hori?

Farmazia alorrean sekulako gastua dugu mendebaldeko estatu gehienetan. Diru hori guztia osasun sistema publikoko beste arlo batzuk finantzatzeko erabili zitekeen, eta horrek sekulako galera eragiten dio kalitatezko osasun sistema publikoari. Industriak presio handia egiten du, gainera, gastu hori handitzeko. Hori gutxi balitz, eraginkorrak ez diren kontuetan xahutzen da dirua, herritarren osasunean mesederik eragiten ez duten kontuetan.

Zergatik du botika industriak hainbesteko indarra eta eragina?

Multinazionalak direlako. Hainbatek estatu askok baino aurrekontu handiagoak dituzte. Badira Espainiak edo Frantziak baino diru gehiago erabiltzen dutenak! Horrek sekulako pisu ekonomikoa ematen die. Iritzi publikoarengan eta osasun arloko profesionalengan ere eragin nabarmena dute. Zaila da haien esanei muzin egitea.

Eta gobernuetan, ezta?

Noski. Gaitasun ekonomiko horrek iritzi publikoa sortzeko ahalmena ematen die, eta gobernuei multinazional hauekin ondo konpontzea komeni zaie. Gainera, industria diren heinean lanpostu asko sortzen dituzte, eta hori gobernuekin negoziatzekohala deituko dut beste hitz bat ez esateko- erabiltzen dute, zenbait kasutan.

Sortu duzuen elkarteak harreman hori salatzen du.

Gure plataformak industriaren eta profesionalen arteko harremanak gardenak eta publikoak izatea nahi du, eta ez dadila tartean ezelango pizgarririk edo oparirik egon. Horrek bermatzen du botikak agintzerakoan medikuak industriarekiko independenteak izatea, eta benetan gaixoari komeni zaion botika agintzea.

Zer-nolakoak izan ohi dira opari edo pizgarri horiek?

Askotarikoak izan daitezke. Badaude opari hutsalak, ezelango garrantzirik ez dutenak. Adibidez, boligrafoak, koadernoak eta parekoak. Halakoek ez dute hainbeste eragiten osagileen erabakian. Baina badira pizgarri garrantzitsuagoak. Kasurako, kongresu eta jardunaldi zientifikoak finantzatzen dituzte batzuetan. Sasi zientifikoak esan beharko genuke, finantzatu dituen industriaren tesien aldeko joera izaten dutelako beti. Ikerketa lanak eta formazio ikastaroak ere finantzatzen dituzte.

Nola txertatu edo zabaldu nahi duzue «ez, eskerrik asko» erantzun hori medikuen artean?

Gure webgunean jaso ditugu proposatzen ditugun neurriak. Horietan profesionalen eta industriaren arteko harremanak, industriaren eta gizartearen arteko harremanak, etaindustria nahiz gobernuen arteko harremanak nolakoak izan beharko liratekeen azaltzen saiatzen gara. Mezua laburbiltze aldera, industriaren aldetik jasotzen diren pizgarririk ez dadila egon eskatzen dugu, osagileen ez ditzatela onartu, eta egotekotan zerbait gardena izatea. Alegia, botika bat edo beste agintzen diotenean gaixoak jakin dezala medikuak pizgarria jaso duela.

Botika generikoen aldeko apustua izan zen farmazia alorreko gehiegizko gastu hori gutxitzeko Espainiako Gobernuak hartu zuen lehen neurrietako bat. Medikuek, oro har,horien aldeko hautuaegiten dute botikak agintzerakoan, edo oraindik multinazionalen botiketara jotzen dute?

Oro har, ez nuke esango osagileek botika generikoen kontrako jarrerarik dutenik. Are gehiago, azken aldian gora egin du urtero agindu diren botika generikoen ehunekoak. Baina hein berean, kontutan hartu behar da generikoak egiten dituzten industriak marketinerako gaitasun gutxi duela. Nire ustez, administrazioa izan behar du informazio hori medikuen artean banatu behar duena. Gobernuak egin behar du kanpaina, nolabait esateko.

Helburu horrekin indarrean sartuko den hurrengo neurria botikak dosika banatzea izango da; hala iragarri zuen Leire Pajin ministroak.

Dosi bakarra deitzen da. Nik uste gastua murrizteari dagokionean, ez dela neurri eraginkorregia izango. Botika bat agintzen denean, kutxa komertzial osoa agintzen zaio, eta gehienetan gaixoak behar duena baino dosi gehiago izaten ditu. Hala, tratamendua bukatutakoan botika soberan izaten du, eta etxean gordetzen du bere kasa kontsumitzeko. Gure iritziz soberakin horiek desagertuko lirateke, eta etxeko sasi farmazia horiek ere bai. Izan ere, oso arriskutsuak dira osasunarentzat. Ingurumenari dagokionez ere, mesedegarri izango da, askotan zabortegietan pilatzen ditugulako ingurua kutsatuz.

Botika gehiegi hartzen dira?

Behar ditugun botikak baino askoz gehiago hartzen ditugu. Ez gara ohartzen nahi gabeko ondorioak dituztela eta ia botika guztiak osasunarentzat kaltegarri izan daitezkeela gehiegi hartuta.

Nork du horren erantzukizuna?

Nik lau agente aipatuko nituzke. Batetik industria bera, botikek dena konpontzen dutela sinestarazten digutelako, eta izan ditzaketen alde ezkorrak ezkutatzen dizkigutelako. Bigarrenik Gizarte Segurantzak finantzatzen dituen botikak agintzen ditugun osagileak. Hirugarrenik osasun administrazioak, ez dutelako egoera kontrolatzen. Eta laugarrenik farmaziak, maiz medikuak agindu gabeko botikak saltzen dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.