gizartea

Botiken berrordainketa saihesteko beste bide batzuk aztertzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri

"Borondate politiko kontua" dela uste du Laura Mintegik. Legez besteko proposamena aurkeztuko du legebiltzarrean ekainaren 27an, eta bere ustez "aukera" izango da berrordainketarik ez jartzeko indarrean.

2013ko ekainaren 22a
17:39
Entzun

EH BIlduk aurkeztuko duen legez besteko proposamenak Osakidetzako erabiltzaileen eskubide eta betebeharren gaineko lege bat egiteko eskatuko du legebiltzarrean, hartara "denbora irabaziko" dutela uste du Mintegik. Denborak beste bide batzuk aztertzeko aukera emango du, eta proposamen honek balio dezake, gainera, EH BIlduren ustez, erakusteko Jaurlaritza ez dela soilik Madrilek agintzen duenaren mezularia. 

Joseba Egibar EAJko EBBko presidenteak esan duenez, "inposaketaren eraginak arintzen saiatu" dira, baina ohartarazi du Madrilek agindutakoa betetzea "ezinbestekoa" dela. Neurri "injustua" deritzo.

Uztailaren 1etik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar askok gehiago ordaindu beharko dute botiken truke. Eusko Jaurlaritzak urtebete atzeratu du Espainiako Gobernuaren 16/2012 Errege Lege Dekretua. Horretarako, besteak beste, berrordainketari aurre egiteko dekretua aurkeztu zuen. Ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Jaurlaritzaren dekretua baliogabetu, eta berrordainketa ezartzeko eskatu dio, eta horretara behartuta daudela adierazi du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. "Ez gaude ados, baina auzitegien erabakia beteko dugu".

Dekretua martxan jartzeak pentsiodunengan eragingo du, batez ere. Espainiako Gobernuak 16/2012 Errege Lege Dekretua onartu aurretik zergen bidez ordaintzen zituzten botikak, eta orain farmazian bertan botikaren %10 ordaindu beharko dute. Dena den, dekretuak berak hilabeteko gehienezko muga batzuk zehazten ditu, pentsiodunen diru sarreren arabera. Hau da, kopuru batetik gora ez dute gehiago ordaindu beharko. Kopuru hori 8,14 eurotik 61,08 eurora artekoa da, diru sarreren arabera.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.