Murrizketak. Eragina kronikoengan

Botiken eta mozketen esklabo

Espainiako Gobernuak botikak berrordaintzea eta osasun garraioa pagatzea proposatu du, besteak beste, osasun publikoko murrizketen artean. Halako neurriek gaixo kronikoei eragingo diete gehien.

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Kezkatuta eta zalantzaz beteta. Halaxe daude gaixo kronikoak Espainiako Gobernuak osasun publikoan ezarriko dituen murrizketak iragarri zituenetik. Bizi osoan botikak hartu behar dituztenez, berrordaintzeak kalte gehien eurei egingo diela salatu dute. Gainera, beldur dira eurentzat funtsezkoak diren hainbat tratamendu eta zerbitzu ordaindu behar izateagatik. Baliabide ekonomiko gutxi dituzten gaixoak ataka zailean egongo direla diote. Espainiako Gobernuari hartuko dituen neurriak zehatz azaltzeko eskatu diote, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari mozketak ez aplikatzeko. Gainontzean, ez dute baztertzen protestak egitea.

Junkal Telleriak ez daki diabetikoei zertan eragingo dieten murrizketek. Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteko lehendakaria da Telleria, eta diabetesa du. «Inor ez da jarri gurekin harremanetan. Uste dugu badela garaia argibideak emateko». Espainiako Gobernuak osasun publikoan ezarriko dituen murrizketak arautzen dituen dekretuak dioena ezagutzen dute soilik. Hori aintzat hartuta, argi duten bakarra da pentsiodunak botiken %10 ordaintzen hasiko direla, eta langile aktiboak, %40 ordaindu beharrean, %50. «Bidegabea» iruditzen zaio neurria Telleriari, are gehiago gaixo kronikoen kasuan. «Diabetikook, adibidez, kasu askotan beste gaixotasun batzuk ere izaten ditugu: kolesterola, hipertentsioa... Gaixotasun horietarako ere ezinbestekoa da botikak hartzea. Beraz, gehiago ordaintzen hasteak kostu handia ekarriko liguke».

Baina horrek bezainbeste kezka eragin die beste kontu batek: intsulina jartzeko eta azukre maila kontrolatzeko behar dituzten tresnak ordaindu behar izateak. Egun doan ematen dizkiete. Osasun etxera joan, eta han eskuratzen dituzte ziztatzeko gailuak nahiz orratzak eta azukre maila neurtzeko zintak. Beldur dira horretan ere ez ote dituzten murrizketak aplikatuko: «Jada bazkide batzuek esan digute hasi direla nabaritzen orratz gutxiago ematen dizkietela. Ondorioz, ez zaie iristen ziztatzen diren bakoitzean aldatzeko. Horrek ez luke horrela izan behar. Osasunaren eta higienearen ikuspegitik komenigarriena aldiro aldatzea da», uste du Telleriak.

Orain dela gutxi arte bigarren motako diabetesa duten gaixoei ere —intsulina behar ez dutenak— ematen zizkieten azukre maila kontrolatzeko zintak hainbat osasun etxetan. Orain, ordea, ez dizkiete ematen. «Argudiatzen dute pilulak hartuta kontrolatzen denez ez dutela zertan azukre maila neurtu. Horrenbestez, kontrolak egin nahi badituzte, zintak beren poltsikotik ordaindu behar dituzte».

Azukre mailaren arabera jartzen dute intsulina. Zinta kaxa bakoitzak 30 eta 50 artean balio du botikan. «Litekeena da hilero hiru kaxa behar ere izatea gaixo batek; norberak ordaintzeko, oso garestia da». Telleriaren irudiko, «oso larria» da diabetiko batek kontrol horiek ez egitea. «Kontrola ezinbestekoa da. Ondo egiten ez bada, diabetesak beste osasun arazo batzuk eragin ditzake». Oharra egin du: «Orain aurreztuko dutena etorkizunean gastatu beharko dute, diabetesa egoki ez kontrolatzeagatik gaixoek dituzten osasun arazoak tratatzen». Gaixo dauden haur eta nerabeak izan ditu gogoan. «Jaso dugun arretari eta tratamenduei esker bizimodu normal bat izatea lortu dugu diabetikook. Ezin dugu atzera egin. Haur eta ume horiek bizi osoa dute aurretik, eta arreta eta kontrol on bat merezi dute».

Mediku eta erizain gehienen babesa dutela nabarmendu du Telleriak. «Prest daude materiala guri emateko. Baina murriztu egin dietenez, askotan ezin dute. Hori da kezkagarriena».

Elkarteei ematen dizkieten diru laguntzak ere gutxitu dituzte administrazioek. Diabetikoei laguntzen aritzen diren elkarteei ere eragin diete mozketa horiek. Telleria: «Lehen baino jarduera gutxiago egiten ditugu. Hori kezkatzekoa da, osasun sistemak egiten ez duena guk egiten baitugu askotan. Gaixo askok guregana jotzen dute medikuarengana joan beharrean».

Ez daki zer gertatu den murrizketak arautzen dituen dekretuaren aurka Eusko Jaurlaritzak iragarri duen helegitearekin. «Guk eskatzen dioguna da murrizketak ez aplikatzeko». Indarrean jarriz gero, kalera irtengo direla nabarmendu du. «Ez gara isilik geratuko».

Giltzurruneko erien egoera

Giltzurrunetako gaixo kronikoak ere hasi dira murrizketen ondorioak sumatzen. Dialisia behar dutenei eragin diete gehien. Gaixo horiek gutxienez astean hirutan izaten dituzte dialisi saioak, eta kanpora doazenean ere jaso behar dituzte. «Tratamenduak ez du oporraldirik hartzen», esan du Belen Herrerak, giltzurrunetako gaixoak batzen dituen Alcer elkarteko ordezkariak. Kanpoan zeudenean erietxera joateko garraioaren zati bat ordaintzen zien Osakidetzak. Hemendik aurrera ez die ezer pagatuko: «Bazkideren batek esan digu ez dela oporretara joango ezingo duelako garraio hori ordaindu». Kanpoko erietxeren batean dialisia egiteko izapideak abian jartzean ere arazoak izaten hasi dira. «Zentro batzuek esan digute ezin dutela inor hartu. Makinak eta langileak falta zaizkie».

Dena den, ohiko bizilekuan daudenean ere osasun garraioa ordaindu behar izateak eragin die kezka gehien. Espainiako Gobernuak onartutako dekretuak dio anbulantzia kopurua gutxituko dutela eta osasun garraioko gastuak murriztuko dituztela. Garraioa «ezinbestekoa» denean ordainduko dute bakarrik. Herrerak nabarmendu neurri hori ezarriz gero dialisia egiten duten gaixoengan ageriko eragina izango duela. «Gaixoen %90 anbulantzian joaten dira tratamendua hartzera». Gainera, gogorarazi du gero eta gehiago direla dialisia egiten dutenak. «Garai batean 80-90 urtetik gorakoei ez zitzaien ematen, oso aukera gutxi ikusten baitzen aurrera egiteko. Baina gaur egun ematen zaie».

Dekretuan esaten dena «zehaztugabea eta bidegabea» dela salatu du Herrerak. «Agian, pertsona bat gai da garraio publikoan edo autoan dialisia egitera joateko, baina dituen diru sarrerak txikiegiak dira garraioa ordaindu ahal izateko. Pentsiorik txikienak dituztenak eta langabeak datozkit gogora. Zeren arabera izango da garraioa ezinbestekoa? Gainera, dialisi zentroetatik urrun bizi direnek gehiago ordaindu beharko dute. Hori ez da bidezkoa».

Diabetikoei gertatu bezala, giltzurrunetako eri kroniko askok bestelako osasun arazoak dituzte: hipertentsioa, hesteetako arazoak... «Egunero, hamabi pilula ere har ditzakete, eta horiek gehiago ordaindu behar izateak are ataka larriagoan jarriko lituzke gaixoak». Badira giltzurrunetako eritasunek eraginda protesiak eta osagarri dietetikoak behar dituztenak. Tratamendu horiek ere ez ditu ordainduko Espainiako Osasun Ministerioak.

Tratamenduetan eta transplanteetan ez dute murrizketarik sumatu. «Oso larria litzateke hori». Eusko Jaurlaritzak murrizketak ez ezartzea espero du Herrerak. «Dena den, beste erkidegoetan ezartzen diren heinean, hemen ere antzemango da». Aplikatuz gero, ardura eskatu dio Jaurlaritzari. «Egin dezala errentak kontuan hartuta. Denei ezin zaizkie berdin aplikatu».

Hiesaren prebentzioa kolokan

Tratamenduei esker GIBa eta hiesa beste edozein gaixotasun kronikoren parekoak izatea lortu dela esan izan dute adituek. Espainiako Gobernuak ezarri dituen murrizketen ondorioz hiru hamarkada atzera egingo dela ohartarazi dute orain. Ados dago horrekin Pili Mikeo, Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordeko kidea. «Esparru guztietan izango dute eragina murrizketek: prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan».

Espainiako Gobernuak erdira murriztu du Hiesaren Plan Nazionalerako dirua. Besteak beste, plan horren bidez jasotzen dute gobernuz kanpoko erakundeek prebentzioa egiteko dirua. «Erakunde askok bi urte daramatzate laguntzarik jaso gabe». Hego Euskal Herrian egoera ez da horren larria. «Eskumenak aprobetxatuz Nafarroako Gobernuak, adibidez, ez du horren murrizketa handia egin. %5 gutxitu dizkigu laguntzak. Baina gure beldurra da diru laguntzaren bigarren zatia ez kobratzea, edo datorren urtean dirurik ez jasotzea». Laguntza horiek ez matea «oso larria» iruditzen zaio Mikeori. «Prebentzio lanik handiena gobernuz kanpoko erakundeek egiten dugu. Ospitaleetatik eta osasun etxeetatik oso gutxi egiten da».

Diagnostikoa egiteko probetan ere murrizketak espero dituzte. Osasun txartelik ez dutenei arretarik ez ematea da kezkagarriena, haien ustez. «Hiesa dutela ez dakitenen kopurua handitu egingo da, eta, horren ondorioz, ez dute tratamendurik hartuko. Gainera, zailagoa izango da gaixotasunaren zabalkundea kontrolatzea. Ikusezin egingo da hori». Paperik gabeko etorkinei eragingo die gehien neurri horrek. Beste kaltetuak gazteak izango direla nabarmendu du Mikeok. «Gogoan izan behar da sekula kotizatu ez duten 26 urtetik gorakoak Gizarte Segurantza gabe utzi nahi dituztela».

Nafarroan, gainera, laborategiak zentralizatu zituztenetik ez dute hiesaren proba anonimorik egiten. Hau da, osasun eta nortasun txartelak erakutsi behar dira. «Horrek are gehiago zaildu du hainbat gizarte taldetara iristea. Kontraesankorra da».

Tratamenduak 800 eta 1.000 euro artean kostatzen dira, eta erietxeek ematen dituzte. «Unibertsala izango dela esan du ministroak, baina Madrilen hasi dira osasun txartela ez duten GIBdun batzuei tratamendua ukatzen. Ziur gaude pixkana halako egoerak ugaritzen hasiko direla, eta osasun txartela erabiliko dutela galbahe moduan». Horrek gaixoaren estigmatizazioa areagotzen duela azaldu du.

Ikerkuntzan egingo diren murrizketen ondorioz, ez dute urratsik espero txertoaren nahiz tratamendu berrien asmakuntzan. «Horrek ere kezkatzen gaitu, baina lehentasunak aipatu ditudan besteak dira. Garrantzitsuena da behar duten guztiek proba egin ahal izatea, eta gaixorik ez egotea tratamendurik gabe. Orain arteko bidetik jarraitu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.