Urtarriletik maiatzera, urteko lehen bost hilabeteetan, 4,07 milioi euro aurreztu ditu Nafarroako osasun zerbitzuak, gobernuak jakinarazi duenez. Guztira 60,6 milioi euro gastatu ditu aurten botiketan, iaz baino %1,65 gutxiago.
Esperotako aurrezpena izan da, gobernuaren esanetan. Botikak era "arrazionalean" erabiliz eta botika generikoen erabilera handituz iritsi da datu horretara. Errezeten heren bat baino gehixeago (%37,7) dira generikoak Nafarroan; duela urtebete laurdena inguru ziren.
Botiken gastua beherantz egiten hasi zen 2010ean, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez. %2 egin zuen behera gastuak urte hartan, eta iaz %6,8 jaitsi zen.