Aste honetan hasi dituzte Ezkaba mendian (Nafarroa) frankismo garaian hango presondegian hildakoen gorpuen berreskuratze lanak. Aranzadi eta Txinparta elkarteek 130 hilotz dituen hobi komuna aurkitu dute. Botilen hilerria bezala da ezaguna, hainbat gorpurekin batera lurperatuta botilak aurkitu baitituzte, barrenean hildakoaren zenbait datu pertsonal biltzen zituen papertxoekin. Bertzeak bertze, horrek egiten du berezi Ezkabako hobi komuna.
Pako Etxeberriak (Aranzadi) eta Koldo Plak (Txinparta) gaur Ezkaban azaldu dutenez, 130 hilotz horietatik, 40 berreskuratzeko baimena dute bi elkarteek. 1940. hamarkadan preso zeudela eritasunen eraginez hildako errepublikarren gorpuak dira bertan daudenak. Bihotzeko arazoek, neumoniak eta gehienbat tuberkulosiak jota hil ziren gehienak.
Botiletan bildutako papertxoak beti ez dira izan baliagarriak gorputzen identifikaziorako. Etxeberriak eta Plak azaldu dutenez, kortxoz itxitako botilen barreneko paperek ez dute denboraren igatea eutsi, eta usteldu egin dira.
Hobi horren berri Jose Maria Jimeno Jurioren ikerketa baten bidez izan zuten bi elkarteek. Berez, hobia presondegiko hilerriaren zati bat da, eta lur aldapatsu baten beheko aldean topatu dute. Horregatik, Aranzadik eta Txinpartak uste dute gorago hobi gehiago egon daitezkeela, terraza sistema bidez sailkatuta.
Hilabeteko lana
Gaurkoa borzgarren lan eguna izan dute Aranzadik eta Txinpartak. Hilabete bukaerara arte egotea espero dute. Hamazazpi boluntario ari dira lanean egun osoan, eta asteburuetan gehiago elkartu ohi dira.
Ezkaban gotorleku ikusgarria eraiki zuten XIX. mende bukaeran. 1934an, Espainiako Errepublika garaian, espetxe militar bihurtu zuten. Espainiako gerran (1936-1939), berriz, frankistek preso errepublikarrak eraman zituzten bertara, eta ehunka lagunek bizia galdu zuten bertan.
Gizartea
'Botilen hilerria' ikusgai
Aste honetan hasi dituzte frankismo garaian Ezkabako presondegian hildakoen gorpuen berreskuratze lanak. 130 hilotz aurkitu dituzte, baina horietariko 40 berreskuratzeko baimena dute Aranzadi eta Txinparta elkarteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu