Herri akusazioaren jardunak muga behar duela ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak; muga, "eskumenean, hedaduran eta edukian". Osterantzean, ustezko delituarekin inolako zerikusirik ez duen edozein herritarri fiskalaren irizpideen kontra aritzeko ahalmena ematea litzatekeela eta hori ez dela zilegi uste du Zigor Salak. Horrenbestez, Emilio Botin Santander bankuko presidentearen aurkako auzia ixteko eta ahozko epaiketarik ez egiteko erabakia hartu du. "[Ahozko epaiketa] irekitzea herri akusazioak soilik eskatzen badu, akusatzaile partikular bat bilatu beharko du, bere eskaria huts-hutsean ezin baita ahozko epaiketa irekitzeko agindua emateko lain", erabaki du.
Egunkaria auzia kasu berdintsuan dago: Fiskaltzak artxibatzea eskatu zuten joan den astean, kazeta hark eta auzipetuek ETArekin lotura zutela agertzeko arrazoirik ez dagoela iritzita. Horrenbestez, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak ordezkatzen dituenherri akusazioa da ahozko epaiketa hasteko eskatzen duen bakarra. Arestian aipatu bezala, Gomez Bermudez epailea buru duen Salak emandako epaiaren arabera, herri akusazioak ez du ahozko epaiketa abian jartzeko eskumenik.
Botinen aurkako auzia itxi izanak norabide bereko aurrekaria ezar dezake 'Egunkaria auzia'-n
Santander bankuko presidentearen aurkako auzia artxibatzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, fiskaltzak kasua ixtea eskatu duela eta herri akusazioak ahozko epaiketa behartzeko adina eskumen ez duela iritzita. 'Egunkaria auzia' ere kinka berean dago, Fiskaltzak artxibatzea eskatu baitu eta herri akusazioak soilik eskatzen baitu aurrera jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu