Boto abertzaleek bi aldetara dute bidea: Europe Ecologie edo Mouesca

AB eta EAk osatzen duten RPS federazioak Europe Ecologie Berdeak taldearekin adostu du programa

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Senaturako hauteskundeetan bi zerrendak dute beren burua ezkerreko eta abertzale kokatzen:Gabi Mouesca IK-ko preso ohiaeta Kartzelen Nazioarteko Behatokiko (OIP) lehendakari ohia, zeina independente gisa aurkezten den, eta Europe Ecologie-Berdeak (EEB) taldeak AB eta EA alderdiek osatzen duten Herrien eta Eskualdeen Elkartasuna (RPS) federazioarekin osatu zerrendak.

Mouescak Teresa Halsouet Urruñako hautetsia du ordezko, eta EEBren zerrendan, Sauveur Bacho Arberatzeko (Nafarroa Beherea) auzapez abertzalea, Alice Leizagezahar eta Daniele Iriart hautetsi ekologistak izanen dira hautagaiak, Marie-Jeanne Berterretxe (AB), Mixel Poueitz (AB) eta David Grosclaude (EEB) dituztela ordezko. Bi zerrendek aldarrikapen abertzaleak aitzinera eramateko baliatu nahi dituzte bozketa horiek. Bachok, Euskal Lurralde Elkargoaren aldeko mezua eta euskararen eta okzitanieraren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena entzunaraziko ditu mezu nagusi gisa. Mouescak, berriz, Euskal Herrian hasi den bake prozesuaren aitzinaraztea,eta, Ipar Euskal Herriari doakionez, autonomia estatutua ere aldarrikatuko du. Horretaz gain, EEBren zerrenda abertzale eta ezkerrekoa izateaz gain ekologista ere izanki, AHTko bide berriaren eta Paue eta Oloroe (Biarno) arteko autobidearen aurka direla diote, emeki-emeki programa nuklearretik ateratzeko energia politika bat bultzatu nahi dute eta zerbitzu publikoak atxikitzearen alde dira. Mouescak ere sistema sozial, ekonomiko eta politikoaren «aldaketa» ezinbestekoa ikusten du, eta aldaketa horren baldintzak sorrarazteko lanean ariko dela azaldu du.

Batak ala besteak osoki hauteskunde demokratikoak ez direla aitortu badute ere, aurkezteko hautua egin dute. Mouescak dio«sistema horren akabatzeko» dela presente, eta Bachok ere nahiz bozketa hauei kritikak egin, ez egotea baino egotea hobe dela dio.

'Bil Gaiten' mezua tartean

Sostengua ez batari ez besteari adierazten ez diola, abertzaleak«molde barreiatuan» abiatzea ez duela begi onez ikusten adierazi du Batasunak. Bil gaiten-en mezuarekin bat ez datorrela esan du alderdiak, eta zehaztu du «gutxienez» EH Bai koalizioa osatzen duten alderdi abertzaleen artean hizketaldi bat egin beharko litzatekeela. Iraganeko desadostasunak bazterrera utzi eta batzeko deia egin zuten Bil Gaiten deiarekin hainbat hautetsi abertzale eta ezkertiarrek uztailaren hastapenean.

Aurkezteko erabakia hartzekoan beste eragile edota alderdien «laguntza edo baimena» ez duela behar azaldu zuen Mouescak, hautagaitza aurkeztean. ABk berriz dio, «bai helburua bai filosofia ikusiz», zerrenda horrek «osoki» bat egiten duela Bil gaitendesmartxarekin. Ezkerreko abertzaleen arteko batasuna beharrezkoa bada ere, hauteskundeei begira, «ezkerreko indar aurrerakoietara ireki beharra» dela uste du Andde Saint-Marie ABko bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.