Boto bateko aldeari esker, PSEk eserleku bat kendu dio EAri

Behin betiko emaitzen arabera, EAk Araban boto bat gehiago lortu izan balu, eserlekuari eutsiko zion Larreinak

Erredakzioa
Gasteiz
2009ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Boto bakarrak erabaki du Arabako azken eserlekua. PSE-EEk eta Eusko Alkartasunak lurralde horretan izan zuten alde estua dela eta, zalantza bakarra utzi zuten igandeko emaitzek: zer alderdirentzat izango zen lurralde horretako 25. eserlekua. D'Hont sistemaren arabera, zortzi botoko aldearekin EAri egokitu zitzaion eserleku hori, baina Espainiako Estatuko mugetatik kanpo bizi diren arabarren botoak zenbatzea eta igandeko emaitzak berrikustea geratzen zen. Atzo egin zen zenbaketa, eta, boto bakarreko aldearekin, Rafa Larreinak igandean ustez irabazitako eserlekua Esozi Leturiondori utzi beharko dio, Mario Onaindia zenaren alargunari.

Itxura batean, atzerriko botoen artean, erraz irabazi dio PSE-EEk EAri. Atzerrian bizi diren 3.476 arabarrek zuten bozkatzeko eskubidea, eta horietatik 436k eman dute botoa. Hala, PSEk 140 boto atera ditu, eta EAk sei besterik ez.

Hala ere, igandeko botoak berriro zenbatu ostean, behin betiko emaitzek erakusten dute boto bakarrak erabaki duela Arabako azken eserlekua. Igandean egindako zenbaketa errepikatu ostean 11 boto gutxiago ditu PSE-EEk, eta atzerriko 140ak gehitu ondoren, guztira, 47.524 boto ditu. Emaitzak berriz aztertu ostean, EAk zazpi boto gehiago ditu, eta, atzerriko seiak gaineratuta, guztira 5.280 lortu ditu Araban.

Beste arabar batek botoa eman izan balio EAri, D'Hont sistemaren arabera, bi legebiltzarkide lituzke orain. Alderdiko iturriek Eferi aurreratu diote, printzipioz, ez diotela helegiterik jarriko zenbaketa horri.

Hortaz, alderdi sozialistak 25 legebiltzarkide izango ditu, eta EAk berriz bakarra. Hain zuzen ere, Legebiltzarreko politikari beteranoenetako batek galdu du eserlekua, Rafa Larreinak. Sei legealditan izan da legebiltzarkide, eta Juan Jose Ibarretxek berak eta Jesus Egigurenek dute hark baino antzinatasuna handiagoa.PSE-EEko azken legebiltzarkidea Esozi Leturiondo izango da, Mario Onaindia zenaren alarguna.

Behin betiko emaitzek beste ondorio nagusi bat utzi dute. PSE-EEk nahikoa du bere 25 eserlekuei PPren 13ak gaineratzea Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatzeko. Ez luke UPD alderdiaren babesik behar horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.