Boto gutxiren aldea izan da Hego Euskal Herrian alderdien artean, baita bloke abertzale eta konstituzionalistaren artean ere

UPN-PPk lortu du boto gehien (336.101), eta Amaiur bigarren indar bozkatuena da (333.628). Indar abertzaleek (Amaiur, EAJ eta Geroa Bai) 699.550 boto jaso dituzte, eta ordezkaritza lortu duten konstituzionalistek (PSE-EE/PSN eta UPN-PP), 662.862.

2011ko azaroaren 21a
12:19
Entzun

Nafarroako azken botoak zenbatuta, berandu amaitu da goizaldean atzoko hauteskundeetako botoen zenbaketa. %100 zenbatuta, ordea, Hego Euskal Herriko indar politiko nagusien artean botoetan parekotasun handia dago, eta horien artean boto aldea milaka batzuetakoa besterik ez da.

UPN-PP da indar bozkatuena Hego Euskal Herrian. 336.101 boto jaso ditu eskuineko koalizioak. Gertu, 2.473 botora, Amaiur da bigarren indar politikoa botoetan. Hegoaldeko lau lurraldeetan du ordezkaritza politikoa ezkerreko koalizioak, historian hautagaitza batek lehen aldiz lortutakoa, 333.628 boto jasota.

Amaiurren sartzeak hirugarren postura eraman du PSE-EE/PSN. Hauteskunde hauetan hondoratu egin da Espainiako Gobernuan zegoen alderdia, eta Hego Euskal Herrian ere datuak ez dira onak. 326.761 boto jaso dituzte, nahiz eta Espainiako Parlamenturako hauteskundeak izan.

Lau indar politiko nagusien artean EAJ da laugarrena. 323.517 boto jaso dituzte jeltzaleek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baina Nafarroan Geroa Bai koalizioan independente talde batekin aurkeztuta beste 42.411 jaso ditu. Horiez batuz gero, EAJk izango litzateke lehen indar politikoa, 365.928 botorekin.

Guztiarekin, indar abertzaleen eta konstituzionalisten arteko indarrak paretsu daude Hegoaldean. Indar abertzaleek (Amaiur, EAJ eta Geroa Bai) hamahiru diputatu lortu dituzte, eta konstituzionalistek (PSE-EE/PSN eta UPN-PP), hamabi. Botoetan ere gehiago dira abertzaleak, ia 700.000 boto jaso dituzte; zehazki, 699.550. Konstituzionalistek, berriz, 663.862.

Ordezkaritzarik gabe geratu diren alderdien artean, berriz, nabarmentzekoak dira Ezker Anitza/Ezkerra (61.746 boto), UPD (27.992) eta Equo (18.906).

Haustekundeak, botoetan:

1.- PP-UPN 336.101 boto

2.- Amaiur 333.628

3.- PSE-EE/PSN 326.761

4.- EAJ 323.517

5.- Ezker Anitza-IU/Ezkerra 61.746

6.- Geroa Bai 42.411

7.- UPD 27.992

8.- Equo 18.906

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.