Politika

Botoen %66rekin hautatu dute Unai Ziarreta EAko lehendakari

Joseba Azkarraga idazkari nagusiak %45eko babesa lortu zuen atzo. Bi ildoek akordioa lortu zuten zerrenda bakarra aurkezteko.

2007ko abenduaren 17a
14:29
Entzun
Larunbatean jakin zen Unai Ziarreta hautatuko zutela atzo EAko presidente, eta ikusteko zegoen zenbateko babesarekin erdietsiko zuen hori. Atzo alderdiaren Biltzar Nagusian emandako 536 botoetatik %66,23ko babesa lortu zuen Ziarretak, nahiz eta EAren bi ildoek aurreko egunean akordioa lortu zuten.

Zuzendaritzan sartu diren haren ildoko kideak batez beste horretan ibili ziren, Mikel Irujo salbu, %80,78 babesa izan zuelako -Komunikazio arduraduna izango da-.

Beste ildokoak %45 inguruan ibili ziren. Joseba Azkarraga hautatu zuten idazkari nagusi, %45,7rekin -libre zihoala zioen Azkarragak, baina Gipuzkoako ildokoen babesa izan du-.

Duela lau urteko kongresuan izan zen zatiketaren ostean, kontsentsuzko zerrenda bat lortzeko ahalegin berezia egin dute aurten EAko kideek, eta lortu dute.

Alderdiko presidentea eta idazkari nagusiaz gain, beste hamar lagunek osatuko dute zuzendaritza, eta honela geratu da banaketa: ildo ofizialekoak dira hamarretik sei, sektore kritikokoak hiru eta hamargarrena Azkarragak proposatutakoa. Horiez gain, EAren lau lurralde zuzendaritzako kideak ere zuzendaritza orokorreko kide izango dira. Lortutako akordioarekin gustura agertu dira batzuek eta besteak, nahiz eta guztiek utzi behar izan duten zerbait bazterrean. Alderdia batuta eta indartuta atera dela nabarmendu dute.

Begoña Erraztiri hartu dio lekukoa Ziarretak EAren lehendakaritzan. 1999koa izan zen Errazti buru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.