«Euskadi gera ez dadin» ari da lanean Patxi Lopezen gobernua, lehendakariaren beraren hitzetan. Jaurlaritzak ekonomia sustatu eta lanpostuak sortzeari begira lanean jarraituko duela dio. «Oztopoak oztopo, autogobernuaren defentsan» lanean jarraituko duela. Herriaren hobebeharrez eutsiko diola Jaurlaritza zuzentzeko lanari. Iñigo Urkulluren ustez, berriz, «geldirik» dago Jaurlaritza, arazoei heldu gabe, «herriak inoiz baino gehiago behar duenean gobernatzen duen gobernu bat». Hauteskundeei begira jarduteari uzteko eskatu dio Lopezi: «Euskadi ez dago 11 hilabetez kanpainan egoteko moduan». Herriaren hobebeharrez hauteskundeak aurreratu beharko lituzkeela esan dio: «Legegintzaldia amaitu da, harenak egin du».
EAJren lehendakarigaia izango denaren hitzetan, «hauteskundeak besterik ez du buruan» Lopezek. Jeltzaleen helburua, berriz, «geldiunetik ateratzea» da. «Oztopoei batuta aurre egiteko bermea» EAJ dela dio: «Herritarren arazoak ezagutzen eta ulertzen ditugu. Gure herriaren arazoak dira. Gure arazoak».
Krisitik ateratzea zaila izango dela adierazi ondoren, berak egin dezakeela esan du: «Esperientzia dugu, jardunerako eredu bat eta gaitasuna. Gainera, asko ikasi dugu oposizioan egon garen hiru urteotan. Umiltasunez diogu. Okerren irakaspenak ikasi ditugu».
Durangon esan ditu horiek Urkulluk, Durangaldeko hautetsiekin egindako jardunaldiaren hasieran. Udalak osatu zirenetik urtea igaro dela-eta, urteko balorazioa egiteko ekimena zela iragarria zuen EAJk. Haren kargudun nagusietako batzuk ere izan dira bilerako mahai nagusian: Bizkaiko ahaldun nagusia eta Batzar Nagusietako presidentea, esaterako, alderdiko presidente eta, azken uneko ezusterik ezean, lehendakarigaia izango denarekin batera. Lopezen politikaren aldean, «gardentasuna» agindu du Urkulluk: «Ez ditugu herritarrak engainatuko promesa faltsuekin. Ez dugu sekula egin, eta orain ere ez dugu egingo».
Hala ere, kanpainan murgilduta egotea leporatzen dieten arren ez dagoela kanpainan ziurtatu du Urkulluk. «Lopez lehendakaria da kanpainan dagoena». Hauteskundeak ez dituela aurreratuko errepikatzen ari den arren, PSE-EEk urrirako eta azarorako iragarki panelen erreserbak egin dituela ohartarazi du, eta dagoeneko ekitaldi publikoak eta mitinak egiten ari dela.
«Euskadi ez geratzea» xede
Lopezek, berriz, bere helburu nagusia «Euskadi ez geratzea» eta alderdikeriengatik «hauteskunde kalkuluen» jokoan ez erortzea dela esan du Eusko Legebiltzarrean, kontrol saioan.
Eta ondo ari dela uste du. «EAE izan da lehen hiruhilekoan kontuetan superabita izan duen bakarra, eta ezer ezkutatu gabe lortu du». Hortaz, orain arteko lanari eutsi nahi diola esan du, eta orain arteko bidetik jarraituko duela. «Euskadi ez da hautsi, eta ez da hautsiko».
Bozei begira aritzea egotzi diote elkarri EAJk eta PSE-EEk
Urkulluk dio EAJ dela krisia gainditzeko bermea: «Herritarren arazoak ulertzen ditugu, eta esperientzia dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu