Bozei begira hartutako konpromisoa berretsi du EAk

Maiorga Ramirezen hitzetan, «normalizazio prozesu geldiezina oztopatzeko nahia» dago ezezkoaren atzean

Erredakzioa
Iruñea
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Sorturi hauteskundeetara aurkeztea galaraztea «eskandalu politiko, juridiko eta demokratikoa» da, Maiorga Ramirez EAren Nafarroako idazkariaren ustez, eta argi du erabakiaren atzean zer dagoen: «Gure herrian ziklo politiko berria inauguratuko duen normalizazio politikorako prozesu geldiezina oztopatzeko estatuak egin duen saioaren aurrean gaude». Baina seguru dago ez duela lortuko, eta EAk hauteskundeetarako Nafarroan egindako apustua berretsi du.

Ramirezen esanetan, epaiak ez du aldatuko EA Herritarron Garaia plataformarekin bultzatzen ari den hauteskunde subjektu berriari buruzko erabakia: «Bazterketarik gabeko bidean aurrera egiteko eta normalizazio politikoak eta baketzeak ezaugarrituko duen gizarte baten aldeko apustua egiten dugun guztion elkarguneak bilatzeko beharra berrestea besterik ez digu eragiten».

Ahultasunaren erakusgarri

EAkoaren esanetan, Gorenaren erabakia «ziklo politiko berriari beldur dionaren ahultasunaren erakusgarri» da, eta bazterketarik egongo ez den gizarte baten alde konprometitzeko beharra indartu besterik ez du egiten.

«Normalizazio politikorako eta baketzerako prozesua geldiezina» dela sinetsita dago, gainera. «Estatutik datozen oztopo guztien inguruan, gizarteak, gizarte abertzaleak batez ere irmotasunez erantzungo du, bakea eta normalizazio politikoa giltzarri izango diren ziklo aldaketa hori lortzeko beharrezko diren bideak erabilita».

Egoera ulertarazten saiatu da Ramirez hedabideen aurrean: «Gizarte honetan badaude ezker abertzalearen idealekin lotuta eta konprometituta dauden pertsonak; begiak itxi eta gizarteak ez duela sektore hori kontuan hartzen uste duenak errealitatearen aurrean erabat itsu den jarrera bat transmititu besterik ez du egiten; eta dagoenari kasu eginda hobetzen da errealitatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.