Hamasei senatari eta 23 diputatu daude jokoan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Atal ugari ditu webguneak. Batetik, kanpainan zehar parte hartzeko aukera izango dute irakurleek; egunero-egunero, inkesta bat proposatuko du BERRIAk, eta hautagaiekin elkarrizketa digitalak ere antolatu ditu datozen bi asteetarako. Nagua Alba Ahal Dugu-ren Gipuzkoako zerrendaburua izango da aurrenekoa, asteazkenean (11:30). Ostegunean, berriz, irakurleen galderei erantzungo die Jon Hernandez Gipuzkoako Orain Batera-ko zerrendaburuak, 11:30ean. Ostiralean, EH Bilduko hautagai Bakartxo Ruizen txanda izango da (11:30). Irakurleek aukera dute jada beren galderak bidaltzeko.
Bestetik, hauteskunde gauean grafikoen bidez erakutsiko ditu BERRIAk emaitzak; herrialdekako eserlekuen banaketa nahiz boto kopuru orokorra. Halaber, webgunean topa daitezke herrialdez herrialde eta zerrendaz zerrenda aurkeztuko diren hautagaiak. Abenduaren 20ra bitarteko albiste, elkarrizketa eta abarrak ere webgune berezian irakurgai izango dira, gainera.