Politika

Bozetarako aliantza bat eratze aldera, harremanetan jarraituko dute Bilduko kideek eta Aralarrek

Gaur egin dute azaroaren 20ko hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko aukera lantzeko lehen bilera ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek. Agiri bateratuan agertu dutenez, guztiek ikusten dute garrantzitsua dela boz horietan Euskal Herria subjektu politikoa dela adieraztea.

2011ko abuztuaren 16a
18:39
Entzun

Bilera amaitu berritan ez da erabaki zehatzik oraindik; lehenago esan bezala, Aralarrek bideragarri ikusten du Alternatiba, EA eta ezker abertzalearekin aurkeztea, baina baldintza bat jarri diete: EAE eta Nafarroa bereiztea.

Bileraren ostean, agiri bateratua kaleratu dute, adostasun batera heldu arte,bozetarako aliantza bat eratze aldera elkarrekin harremanetan jarraitzeko asmoa agertuz. Bilduko kideek zein Aralarrek, garrantzitsu ikusten dute Euskal Herria subjektu politikoa dela adieraztea.

Ezker abertzaleko, EAko eta Alternatibako ordezkariek bilera egin dute gaur Aralarreko ordezkariekin, datorren azaroaren 20ko Espainiako Kongresuko bozetara elkarrekin joateko aukera aztertzeko. Donostian egin dute batzarra, Aralarren egoitzan.

Bilduko koalizioko kideek azaroaren 20ko hauteskundeetara bat eginda aurkezteko proposamena egin zieten abuztuaren 5ean EAJri eta Aralarri. Jeltzaleen buruzagiak mintzatzeko prest agertu dira, baina jada adierazi dute proposamena ez zaiela egingarria iruditzen; zintzotasun gutxirekin aritzea egotzi diete Bildukoei. Aitzitik, harrera hobea egin dio Aralarrek, eta Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez buruzagiak iragan aste honetan adierazi dute boz horietara Bildurekin batera joatea litzatekeela egokiena.

Hala ere, ikuskizun dago elkarlan horretarako formulan adostasunik lortuko duten; hots, balizko egitura bakar horri eman beharreko forman eta izan beharreko ordezkaritzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.