Bozetarako plataforma gisa Gernikako Ituna erabiltzea salatu du Ezenarrok

Ez dute azken asteetako ekitaldietan parte hartu, uste baitu ekimen horiek akordioa «baliogutxitzen» dutela

Erredakzioa
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioa «hauteskunde plataforma» bat balitz bezala erabiltzea egotzi die Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak akordioaren gainerako sinatzaileei. Hitzarmena «bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bide orria» dela nabarmendu du, eta erabilera okerra egiten ari zaizkiola uste du. «Norberak ikusiko du nola egiten duen hauteskunde aurreko kanpaina». Horrela justifikatu du hitzarmena gizartean aurkezteko ekimenetan Aralar ez egon izana.

Ezenarroren esanetan, hitzarmena hauteskunde asmoekin erabilita, akordioa «baliogutxitu» egiten da. Horregatik, Aralarrek aurrerantzean ere halako ekitaldietan ez duela parte hartuko aurreratu du. Gaineratu du alderdiaren jarreraren berri dutela gainontzeko sinatzaileek.

Gernikako Akordioaren oinarriak gizartean aurkezteari ekin diote azken asteetan sinatzaileek; lehenik, Araban, eta orain, Nafarroan. Ekitaldi horietan hitzarmena izenpetu zuten alderdietako eta eragileetako ordezkariak egon dira; guztienak, Aralarrekoenak izan ezik.

Herenegun Iruñeko Labrit pilotalekuan eginiko ekimenean, Nafarroako arlo guztietako eragileekin biltzeko asmoa plazaratu zuten LAB sindikatuko Expe Iriartek eta Herria 2000 Eliza aldizkariko Luis Igeltzek. «Guztiekin hitz egingo dugu, erabakiek herritar denen aurrean behartzen gaituztelako». Akordioaren oinarriak hedatzeko, herritarren inplikazioa ezinbestekoa dela nabarmendu zuten, eta agertoki berrirako auzolana lagungarria izango dela.

Ezezkoak nagusi Nafarroan

Patxi Zabaleta NaBaiko lehendakarigaiari egokia iruditu zaio alderdiekin eta eragileekin elkartzeko proposamena. «Eskaintzak ez du inor behartzen, baina harremanak izateko jarrera nahi dutenekin eta nahi ez dutenekin mantendu behar da, itxaropena galdu gabe». Nafarroako Parlamentuko alderdi gehienak, baina, ezkor azaldu dira eskaintzarekin. Ezker abertzalea legez kanpo dagoela argudiatuz, gehienek uko egin diote Gernikako Akordioko sinatzaileekin biltzeari.

UPNko bozeramaile Carlos Garcia Adanerok ezker abertzaleari eskatu dio «terrorismoa gaitzetsi eta trikimailuak alboratzeko». Halaber, beste alderdiei ezker abertzalearen «jokoan ez sartzeko» eskatu die. Samuel Caro PSNko eleduna antzera mintzatu da. «Batasuna ausart izan eta politika egiteko eskura dituen baliabide demokratikoak erabiltzen ez dituen artean, ez dugu ezertaz hitz egingo». CDNko Jose Andres Burgetek esan du ez dutela «ez aurreikuspenik, ez asmorik» ezker abertzalearekin biltzeko.

IUN izan da biltzeko prest agertu den alderdi bakarra, betiere «betikoa esateko: sistema demokratiko batean giza eskubideak errespetatu behar direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.