Parte hartze datuak kaleratu dituzte sindikatuek, gobernuek eta patronalak. Datu dantza handia da, baina, zenbakiak gorabehera, bistakoa da langile gehienek egin dutela greba (enpresarien datuetan ere nabari da hori), eta eragin handiena hezkuntzan, garraioan eta industrian izan duela. Hona alde bakoitzaren datuak:
Gehiengo sindikala: Hegoaldeko langileen %85ek egin dute greba. Industrian jarraipen handia izan dela nabarmendu dute: %87koa. Hezkuntzan "guztiek" egin dute greba, eta erakunde publikoetan, %80k baino gehiagok. Osasun alorrean gutxieneko zerbitzuak soilik eman dituzte erietxe askotan, sindikatu horien esanetan. Medikuntzako sindikatuek %75ean jarri dute lanuztearen eragina. Garraioan gutxieneko zerbitzuak soilik ari dira ematen, sindikatuen arabera.
Eusko Jaurlaritza: alor publikoan langileen %71,9k egin dutela greba. Alorrez alor: hezkuntzan %86,78k, Jaurlaritzaren egoitzetan %78k, justizian %77,64k, Herrizaingo Sailean %67,44k eta Osakidetzan %49,91k. Alor pribatuari dagokionez, Jaurlaritzak jakinarazi du %60-70ekoa dela jarraipena; garraioan %77, komertzioan %67 eta industrian %63.
Nafarroako Gobernua:gobernuko langileen %32,81 ari dira greban.
Confebask: "iragarri baino baxuagoa" da grebaren eragina. Industrian %60koa dela jakinarazi du. Salatu du piketeen eraginagatik itxi behar izan dituztela ateak hainbat enpresatan.
UGT eta CCOO: Nafarroan %91koa da grebaren eragina. Metalean %95, kimikan %90, egurrean eta meatzaritzan %85, eraikuntzan eta kontserbetan %80, jantzigintzan %70 eta ostalaritzan %50.