Irungo Ogasuneko auziko zigor epaitik «eratorritako» erantzukizun politikoak argitzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri. Jeltzaleak agintean zeudela Jose Maria Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendariak «gipuzkoar guztiei lapurtu eta iruzur egin zien, inolako kontrolik gabe», esan du koalizioak. EH Bilduren arabera, astelehenean jakinarazitako epaiak berretsi egiten du «Foru Ogasunaren kudeaketan izandako jarrera iluna eta ustela». «Ez da oso normala hogei urte luzez gisa horretako jokabide deliktiboak egitea inpunitate osoz, inork ezer jakin gabe». Hori EAJren «kudeaketa ereduarekin» lotu du koalizioak. «Bravo auziko epaiak agerian uzten du zein den Urkullu jaunak saltzen digun eredua».
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 11 urteko espetxe zigorra jarri zion herenegun Jose Maria Bravori eta hiru urtekoa haren emazte ohi Rosa Cobosi, diru publikoa bidegabe erabiltzea, dirua zuritzea eta ondasunez jabetzea egotzita. Bravok, Irungo bulegoko zuzendaria izan zen urteetan (1989-2003), 1,9 milioi euro bereganatu zituela dio epaiak.
EH Bilduko kide Agurne Barruso, Rebeka Ubera, Iban Asenjo eta Xabi Sotok atzo Donostian eginiko agerraldian EAJri eskatu diote «erantzukizun politikoak» argitzeko. Gogoratu dute 2009an Gipuzkoako Batzar Nagusien ikerketa batzordeak ondorioztatu zuela Ogasunaren barne kontrolerako neurriak ahulduta zeudela eta erantzuleak identifikatu zirela. EH Bilduk, baina, uste du ez zela behar beste sakondu.
«'Bravo auziko' epaiak agerian utzi du EAJren kudeaketa eredua»
1990eko hamarkadan Ogasunean izandako iruzurraren erantzuleak argitzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu