Bravok esan du itzuli egin zuela poltsikoratutako dirua

Gipuzkoako Ogasuneko funtzionamenduan «irregulartasunak» izan zirela aitortu du Irungo bulegoko zuzendariak

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Jose Maria Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohiak ukatu egin ditu hari leporatutako delitu guztiak, eta Rosa Cobos bere emaztearen eta Pedro Atristain kidearen errugabetasuna defendatu du. Akusatuak aitortu egin du zergadun batzuen dirua poltsikoratu zuela, baina nabarmendu du diru hori itzuli egin zuela eta Ogasunaren kontuetan dagoela. Gainera, adierazi du orduko Ogasunaren funtzionamenduan «hainbat irregulartasun» izan zirela.

Bravok azaldu du Ogasun Saileko lanarekin batera beste jarduera batzuk egin zituela 1992-1996 eta 2001-2003 urteen artean, eta lan horiengatik jasotzen zuen dirua bere kontuetan sartzeko «irregulartasun» horietako bat baliatu zuela, eskutan jasotako dirua Ogasunaren aurrean «deigarria izan ez zedin». Horretarako, zergadunek ematen zizkioten txekeak erabiltzen zituen; haren arabera, eskudirua txekea baino deigarriago delako. Egun batzuk geroago, baina, zergadunek Ogasunarekin zuten zorra bere diruarekin ordaintzen zuela esan du. Hori hala, poltsikoratutako dirua Ogasunaren kontuetan dagoela adierazi du Bravok. «Nabarmena da ez dutela ondo begiratu», esan du, eta gaineratu du instrukzio fasean peritu batek jatorri ezezaguna zuten 121 milioi euro aurkitu zituela kontu horietan.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketan egin ditu adierazpenok Bravok. Bost orduz egon da Fiskaltzaren galderei erantzuten. Gaur, Fiskaltzaren eta akusazioaren —Gipuzkoako Diputazioaren eta Batzar Nagusien— abokatuaren galderei erantzungo die. Epaiketak hilabete iraungo du, eta 60 lekukok baino gehiagok deklaratuko dute. 24 eta 30 urte arteko zigorra eskatu dute Bravorentzat.

Besteak beste, funts publikoak bidegabeki erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta dirua zuritzea leporatu diete Bravori eta beste bi auzipetuei. Akusazioen arabera, 90. hamarkadan Gipuzkoako Ogasunean egindako 8 milioi euroko iruzurraren erantzule nagusia da Bravo. Ikerketaren arabera, Ogasunarekin zorrak zituzten herritarrei diru kopuru bat eskatzen zien hark, zor hori ordaintzeko gai ez zirela argudiatu ahal izateko. Hori egitearen truke 1,9 milioi euro eskuratu zituen Bravok, eta Ogasunak 8 milioi euro utzi zituen jaso gabe. Diru hori hainbat enpresaren bitartez zuritu omen zuen Bravok, Cobosen eta Atristainen laguntzarekin. Enpresa horietako batzuk beste auzi batean ikertzen ari dira, eta auzi horretako inputatu nagusia da Victor Bravo, Jose Maria Bravoren anaia eta Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari nagusi eta EAJko senatari izandakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.